Guztira 16-17 urteko 120 gaztek parte hartuko dute, hamar egunetako bi txanda ezberdinetan.
Lehen txanda gaur hasi eta uztailaren 11ra luzatuko da eta bigarrena ordea, uztailaren 16tik 25era egingo dute. Lehen taldeko gazteak Sokoa eta Lekarozera joango diren bitartean, bigarren txandakoak Bidania-Goiatz eta Aulesti inguruan igaroko dituzte egunak eta Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.
Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako nahiz diasporako gazteei euskal geografia, kultura eta historia ezagutzeko aukera ematen dien oinezko espedizioa da Euskarabentura. Aurtengo egoerak formatua aldatzera behartu dituen arren, asmoak eta helburuak gutxi aldatu dira. Izan ere, gazteek esperientzia hau "euskaraz bizi dezaten" nahi dute antolatzaileek, hori dela eta, euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea da ekimen honen helburu nagusietako bat.