Bilbon sortu zen lehenengoetariko komunikabidea da Irala auzoan dagoen Irola Irratia. 1987. urtean sortu zen eta aurten jada 34 urte beteko ditu. Garai hartan, okupazioak, irrati libreak eta bestelako hainbat ekimen nagusi ziren Euskal Herri osoan eta Bilbora ere iritsi zen hauen gorakada. Hainbat irrati libre zeuden momentu horretan Bilboko auzo ezberdinetan eta horien artean sortu zen Irola. Gaur egun, garai hartakoen artean geratzen den bakarra da eta hirian dauden kolektiboei zein proiektu pertsonalei ahotsa ematen jarraitzen dute.
Herri irratia da Irola eta bat egiten du bertako aldarrikapenekin. Horien artean euskara dagoela jakinarazi du Kimok, Irola irratiko kideak: “Euskararen aldarria zaintzen saiatzen gara, baita eduki gehiago euskaraz egiten, baina parte hartu nahi dutenei ez diegu atea ixten ez badute euskaraz egiten”. Musika baliatzen dute haien aldarrikapenak egiteko, “batez ere bazterrean geratzen dena: Punk-a”. Horrekin batera, irrati saioak erabili dituzte kolektiboei ahotsa emateko eta “Bilboko errealitatea” kontatzeko.
Irolarekin batera, 97.0 Irratia ere badago Bilbon. Tas Tas proiektua bertan behera gelditu zen eta bertako kideen eta kanpotik etorritako beste batzuen artean sortu zuten komunikabide hau.
Arazo ekonomikoak medio, Gasteizen sortutako Hala Bedi irratiak lagundu zion 97.0 irratiari ekonomikoki aurrera egiten. Momentu horretan nahiko prekarioa zen arren, pixkanaka aurrera egitea lortu zuten eta gaur egun musikarekin batera, 18 irrati saio inguru eskaintzen dituzte gai ezberdinen inguruan, saio internazionalistak, bitxikeriak eta bideo jokoen inguruko saioak, besteak beste, betiere Bilbo erdigune hartuta.
Haien asmoetako bat jendearengana iristea izan arren, komunitarioak direla eta kopurua ez dela hain garrantzitsua dio Mikel Mariñok: “irrati komertzialekin alderatuta, guretzat helburu nagusia jarraitzea da”. Izan ere, komunikabide handiek haienganako eragina dutela uste du, haiek ezartzen dituztelako “joera orokorrak”. Mariñoren arabera, podcastak bezalako gauza berriak egiten hasi dira eta haiek ere horretan dabiltza: “hainbat gauzetan joaten gara atzetik”. Kimo Irolako kidearen ustez ere, eragina handia da, “txarrerako batez ere”. Komunikabide handiek egunerokotasunaren jarraipen azkarra egiteko gaitasuna dutelako eta horrek askotan sakontasuna galtzea eragiten du, “kontatu nahi izatea ondo jakin aurretik”.
Hala ere, komunikabide txikiek handienganako eragina ere badutela dio Mariñok: “Esango nuke bi norabideetako eragina izaten dela. Gu libreak gara, arriskatzeko aukera zabalagoa dugu. Hemen dagoen jendeak irratigintza maite du, ez dago interes komertzialik”.
Zorrotz Morrotz aldizkaria Zorrotza auzoan argitaratzen da eta euskara zein irakurketa bultzatzeko proiektua da. Auzoko komunikabide bakarra dela dio Aitorrek, diseinuaz arduratzen den kideak: “auzoko albisteak irakurri nahi dituenak gurera jo behar du”. Horretaz baliatzen dira jendeak euskaraz irakur dezan.
Lehen alea 1995. urtean argitaratu arren, 2015. urtera arte ez zuen maiztasun finkorik izan. Hasiera batean Zorrotzako Mintzataldearen euskarazko kultur egitarauaren baitan zegoen beste jarduera bat zen “Orain aldizkaria hilabetekaria da eta geroztik lortu dugu epeak behar bezala betetzea”. Izan ere, auzoetako gertakariak ugariak dira eta erraztasunarekin aurkitzen dira hilabetero lantzeko gaiak.
Gaur egungo egoeraren ondorioz, eta bereziki pasa den urteko itxialdi garaian, hainbat zailtasunei aurre egin behar izan diete komunikabideek, beste hainbat sektorek bezala. Zorrotz Morrotzen kasuan, argitaratzeari uztea pentsatu zuten baina saiakera egin eta haien eguneroko lana etxetik egin zuten. Hainbat gauza ezberdinak izan ziren, horien artean elkarrizketatuen argazkiak, adibidez: “argazkiak guk atera beharrean, selfieen bitartez egiten genituen”.
Bilbo Hiria irratiaren kasuan, Ane Zabalaren arabera, bakoitza bere etxetik ibili zen nola antolatuko zuten pentsatzen, baina gaur egun Interneterako sarbidearekin edozein lekutik egin daitekeela adierazi du. Pasa den urteko konfinamendutik, irratiaren funtzionamendu guztia aldatu dela jakinarazi du Zabalak, baina aldaketa handiena kalera ateratzeari utzi izana da. Bilbo Hiriak pandemia baino lehen, kalera ateratzeko joera handia zuen eta Bilboko kaleetan zuzeneko saio bereziak egiten zituzten. Ez dute hori berreskuratu. Irola irratiaren kasuan, berdina gertatu dela jakinarazi du Kimok. “Lekuetara joateko, presentzia irabazteko eta jendeak gu entzuteko eta irratian parte hartzera animatzeko zailtasunak sortu ditu”.
Tokiko komunikabideak sortu zirenetik hainbat zailtasunei aurre egin behar izan dieten arren, aurrera egitea lortu dute eta argi dute etorkizuna dutela. Izan ere, Bilboko auzoen inguruko informazioa sakonki eskaintzen dute eta orokorragoak diren komunikabideek ez dituzten aukera handiak ematen dituzte. Gertutasuna da nagusi hauetan eta horrek erakargarria egiten du herritarrentzat.
“Momentuz aurrera egingo dugu. Irolak ez du gehiegi pentsatzen etorkizunean, beti gabiltza egunerokoan”, adierazi du Kimok. Bilbo Hiria Irratian ere argi dute etorkizuna dutela, “Bilbo euskaldun hobeago batengatik”, eta irratian ez ezik, prentsa idatzian ere sendo eta pozik dabiltza, Zorrotza bezalako auzo erdaldun batean bizirautea “mirari” bat dela diotelako.
Azkenik, Deustualdeko Prest! aldizkariak 20 urte bete ditu joan den martxoan. Bi hamarkada hauetan ez dira gutxi izan Deustualdean eman diren aldaketak eta hilabetekari honek horiek denak jaso ditu 2001eko martxotik gaur egunera arte, 225 zenbakitan. Berbaizu Euskara Elkartearen ekimenez sortutako proiektu honek euskara Deustualdeko etxeetara eramatea du helburu Jone Gartzia zuzendariaren arabera. Erronka beteta, gaur egun 2.600 etxeetara heltzen dira Gartziak eta beste hainbat kolaboratzaileek idatzitako albisteak.