Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

uriola.eus 2021ko ira. 21a, 12:27

Finala Bilbon jokatuko da abenduaren 18an, Bilbao Arenan. 

2020ko udazkenean jokatu behar zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon.

Saioei dagokionez, urriaren 3an hasiko da kanporaketen fasea Durangon eta azaroaren 7ra arte luzatuko den 6 kanporaketa saio ezberdinetan banatuta egongo da. Finalaurrekoko fasea azaroaren 21etik abenduaren 4ra bitartean jokatuko dute. Lehen saioa Etxebarrin izango da, bigarrena berriz Galdakaoko Urreta kiroldegian eta azkena Larrabetzuko frontoian. Finala abenduaren 18an jokatuko dute Miribillako Bilbao Arenan, finalaurreko saioetako irabazleekin eta puntuazio altuena lortu duten lehen bost bertsolariekin. 

Bertso plaza "berraktibatzeko" helburuarekin antolatu dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Pandemiak urtebete atzeratzea behartu duten arren, txapelketaren helburuak ezer gutxi aldatu direla jakinarazi dute gaur goizean Rekalde Aretoan egindako aurkezpenean. Bertan izan dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Belate Olabarria, Ione Narbaiza txapelketaren arduraduna eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua. 

Sarrerak

Kanporaketa faserako sarrerak salgai daude dagoeneko eta bi aukera zabaldu dituzte hauek eskuratzeko. Lehena, internet bidez, bertsosarrerak.eus atarian eta bigarrena txarteldegian bertan, betiere sarrerak aurretiaz amaitzen ez badira. Bilbao Arenan jokatuko den Bizkaiko faserako sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai.