Euskarazko aisialdiaren baitan dauden egitasmoak "artikulatu eta garatzeko" sortu dute erakundea, Euskaltzaleen Topagunearen parte diren euskara elkarteek abiatutako hausnarketa baten ostean.
Guztira 14 elkarte biltzen ditu Kukulaisi federazioak, Deustuko Berbaizu Elkartea izanik Bilboko ordezkari bakarra. Gainerakoen artean Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan elkartea, Hernaniko Dobera elkartea eta Arrasateko Txatxilipurdi elkartea daude.
Euskararen garapenean aisialdiak duen garrantzia azpimarratu du Kukulaisik larunbatean egindako eratze batzarrean, izan ere, "hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia" egiten duela nabarmendu da. Proiektu anitz horiek garatzeko tresna bezala aurkeztu dute beraz federazioa.
Ekimen honetan dagoeneko euskara elkarteen mugimenduan dauden elkarte zein eragileak bildu diren arren, "euskarazko aisialdia lantzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela" azpimarratu dute. Era berean, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, "Euskal Herri osoko eragileak biltzeko" sortu dela gogoratu dute.