Bilboko txabolismoa hizpide duen liburua kaleratu du Iñigo Lopez historialariak

uriola.eus 2021ko ira. 30a, 11:43

Irudia: Geuria

Bilboko etxola batean izeneko lana argitaratu du Iñigo Lopezek. Liburuan 1940-1960 urteen artean Bilbon izandako etxola-auzoen fenomenoa azaltzen da, garai hartako biztanleen testigantzetatik abiatuta.

Tene Mujika bekaren laguntzarekin argitaratu du Iñigo Lopez Simon historialariak Bilboko etxola batean liburua (Elkar Argitaletxea). Lanean XX. mendearen erdialdean hirian izandako txabolismoa aztertu du egileak, garai hartan auzo horietan bizi izan ziren biztanleen testigantzen laguntzarekin.

Txabola auzoak 1940. hamarkadatik aurrera Bilbora “etorkizun hobe baten bila” heldu ziren etorkinek eraiki zituzten eta gehienak hiriaren inguruko mendietan aurkitzen ziren. Bere garaian ezagunak izan ziren besteak beste, gaur egun Guggenheim museoa dagoen Ingelesen Zelaia edota San Inazio auzoaren gaineko Banderas eta Cabras mendiak. 

Hona hemen liburuaren sinopsia:

“Etengabe handitzen eta aberasten ari zen hiria zen Bilbo 1950eko hamarkadan, urte horietako hazkunde ekonomikoari eta industrialari esker, baina hazkunde horrek bazituen bere argi-ilunak; besteak beste, Bilbora lan bila etorri eta, etxebizitza duinik eskuratu ezinik, etxola bat eraiki eta bertan bizitzea erabakitzen zuten familiak.”