Egitarau zabala antolatu dute aurten ibilbide luze bezain emankorra izaten ari den TX Fest Totxongiloen jaialdiaren 40. edizio borobilaren harira. BBK Aretoa, La Fundición eta hainbat auzotako auzoetxeak (ikastetxeei zuzendutako emanaldietarako) izango dira Bilboko agertoki nagusiak, baina Bizkaiko beste herri batzuetan ere egongo dira hitzorduak jaialdiaren baitan, hala nola Arrigorriagan, Areatzan, Larrabetzun eta Lezaman.
Euskal Herritik nahiz nazioartetik datozen artista eta konpainien txotxongiloak ikusi ahal izango dira Bilbon 8 egun horietan zihar. “Maila handiko ikuskizunak” izango direla azaldu dute antolatzaileek. Esaterako, Valentziako Bambalina konpainiak bullyingari buruzko KuKu lana estreinatuko du, eta horrez gain Kixote klasikoa ere eramango du oholtzara. Antama Pantahou konpainia, berriz, Greziatik dator, eta orkestra baten inguruko Musikaren Hariak lana erakutsiko du. Euskal ekoizpenen artean, Gorakada konpainiak jaialdiaren itxiera egunean Zuhaitzak landatzen zituen gizona aurkeztuko du. Euskarazko emanaldi bakarra izango da hori.
Berrikuntza ugari
Aurtengoa berezia izango denez, berrikuntza dezente ere ekarriko ditu. Esate baterako, Otxarkoagan arte eszenikoen arloko beste talde batzuekin partekatuko duten egoitza berria eman dute ezagutzera. Txotena zentroa izena du, eta helburu bikoitza izango duela azaldu dute: “Antzerkiaren artea sustatzea eta arte hori gizartearen eta herritarren kohesiorako ekintzetan aplikatzea”.
Horrekin batera, Hari Morea proiektua garatuko dute, txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren munduan emakumeen ikusgarritasuna areagotzeko eta Bilbotik mundura zabaltzeko. Bada, horri lotutako tailerrak, hitzaldiak eta bestelako hitzorduak egingo dituzte BBK Aretoan.
Bestalde, areto horretako harrera gelan Bestearen begirada izenburudun erakusketa-tailerra egongo da, 5 kontinentetako maskaren bueltan osatua.