2000. urteko azaroaren 8an egin zen soldadutzara joateko "kintoen" azken zozketa, eta hurrengo urteko abenduaren 31n atera ziren kuarteletatik azken deialdiko kideak. Izan ere, duela 32 urte agertu ziren lehenengo intsumisoen kanpainari esker bertan behera geratu zen nahitaezko soldadutza espainiar estatuan.
Mugimendu haren lorpen handi horren ostean ere, ordea, militarismoa oraindik ez dela desagertu gogorarazi du Kakitzat Koordinadora Antimilitaristak. Militarismoa "gaixotasuna" dela eman dute aditzera, eta armada desagerrarazi eta jendarte desmilitarizatua lortu arte lanean jarraitzeko beharrizana azpimarratu dute.
Hala, gastu militarraren areagotzeak herritarren pobrezia, etxegabetzeak eta arlo sozialeko murrizketak ekartzen dituela salatu dute. Ildo horretatik, gainera, armen industriaren bueltan diharduten euskal enpresen sareari leporatu dio gai honetan duen erantzukizuna. Ehun arma konpainia baino gehiagok osatzen dute sare hori.
Bada, desobedientzia zibilaren bidetik gerrarik gabeko gizartea lortzeko borrokan jarraituko duela adierazi dute koordinadorako kideek.