Nazioarteko izen handiekin itzuliko da bi urteren ostean BBK Live

uriola.eus 2021ko aza. 12a, 17:39

Chill Mafia taldeak uztailaren 8an emango du kontzertua (Argazkia: Last tour)

Besteak beste, LCD Soundsystem, J Balvin, The Killers, Nathy Peluso, Chill Mafia eta Nogen arituko dira taula gainean 2022ko uztailaren 7an, 8an eta 9an. Gaur jarri dituzte salgai eguneko sarrerak, eta bonuak ere eskuragarri daude dagoeneko.

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, azken bi urteetan ez da egin Bilbao BBK Live musika jaialdia. 2022ko udan itzuliko da ordea, eta mundu mailako artista sonatuz jositako kartela iragarri dute antolatzaileek. 

Askotariko musika estiloetako zuzenekoak egongo dira Kobetamendiko oholtzetan; esate baterako, lehen egunean (uztailak 7, osteguna) LCD Soundsystemen dance-punk doinuak izango dira nagusi. New Yorken sortutako taldeak 20. urteurrena ospatuko du.

Talde beteranoekin jarraituz, egun berean Placebok ere emango du kontzertua. Eta, euskal izenei dagokienez, 2020ko BBK Soinu Berriak lehiaketaren irabazle izan zen DoleurDolor bikotea bertatik bertara ikusteko aukera egongo da.

Bigarren egunean, berriz, The Killers britainiarrak eta Stromae belgikarra izango dira kartelburu. Azken hori zortzi urteren ostean itzuliko da agertokiera.

Azkenaldian bogan dauden Chill Mafia iruindarren txanda ere ostiralean izango da, baita Nøgen donostiarrena eta Verde Prato tolosarrarena ere.

Azken egunean, aldiz, J Balvin reggaetoilari famatua igoko da oholtza nagusira. Bestalde, pop elektronikoaren zaleek Pet Shop Boys mitikoekin hitzordua izango dute. Duela bi urte ere BBK Liven izan zen Nathy Peluso argentinarra berriro etorriko da Bilbora. Horiez gain, Zestoatik datorren Ezpalak taldeak gozatuko ditu rockzaleen belarriak.

Elektronikarentzako txoko berezia

Azken edizioetan egin izan duten bezala, 2022koan ere Basoa izeneko esparrua egokituko dute Kobetamendin, musika elektronikoari eskainia. Hiru egunetan zehar zuhaitz artean dantza egiteko aukera eskainiko dute gune horretarako propio prestatu duten egitarauari esker. The Blessed Madonna eta Carl Craig izango dira programazio horretako izen nagusiak.

Sarrerak salgai

Jaialdiaren egun guztietarako bonuak eskuragarri daude jada musika jaialdiaren webgunean, eta gaurtik aurrera eguneko sarrerak ere erosi ahal izango dira. Abenduaren 16a baino lehen erosiz gero, prezio berezia izango dute sarrerok.