Lantoki Kooperatibo berritua erabilgarri dago Euskararen Etxean

uriola.eus 2021ko aza. 15a, 10:32

Euskararen Etxeko bilera gela eskuragarri egongo da esleipendunentzat (Argazkia: Azkue Fundazioa)

Coworking erako espazioaren esleipena lortzeko eskaera epea abenduaren 13ra arte egongo da irekita, eta euskararen bueltan jarduten duten erakunde, elkarte zein norbanakoei zuzenduta dago.

San Inazio auzoko Euskararen Etxeak 2020an abiatu zuen eraberritze prozesuaren baitako azken fasean beste urrats bat eman du eta erabiltzaileen esku jarri du Lantegi Kooperatibo berritua.

Elkarlana sustatzea eta euskarazko jarduna bultzatzea da espazio horren helburu nagusia, eta euskararen bueltan dihardutenentzako bideratuta dago. Norbanakoak, elkarteak nahiz erakundeak izan daitezke erabiltzaile, eta doakoa izango da. Esleipen bakoitzak gehienez ere bi urteko iraupena izango du eta, horrez gain, elkarte bakoitzak bi pertsonarentzako lekua eskuratu ahal izango du.

Lantegiko lekuen esleipena lortzeko eskariak aurkezteko epea irekita dago jada, abenduaren 13ra arte. Horretarako, eskaera orria bete eta bidali behar da. Baldintza guztiak esteka honetan kontsulta daitezke.

Instalazioetan wifia, argindarra, lanerako mahaia eta aulkia, armairutxoa, inprimagailu-fotokopiagailua eta abar egongo dira erabilgarri. Horrez gain, bilera gelak, sukaldea eta beste areto batzuk ere izango dituzte eskura esleipendunek.