Kolektibitateetako langileen osasun baldintzak hobetzeko eskatu du LABek

uriola.eus 2021ko aza. 15a, 12:06

Gaur goizeko elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Argazkia: LAB)

Eusko Jaurlaritzaren Kale Nagusiko egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzearen bidez sektorearen prekarizazioa salatu eta prebentzio nahiz kontrol neurriak areagotzeko aldarrikapena zabaldu dute

LAB sindikatuak euskoa eta enpresetako jantokietako langileen baldintzei buruzko inkesta bat egin du berriki, 700 langile baino gehiagori galdetuta. Bada, osasunari lotutako hainbat arrisku identifikatu dituzte sektore horretako eguneroko lan jardunean, eta gehien errepikatu direnak honako hauek izan dira: zarata, mugimendu errepikakorrak, jarrera behartuak, lan erritmoa eta arrisku psikosozialak.

Hori ikusita, sindikatuak Hezkuntza Sailari, Osalani eta kolektibitate enpresei eskatu die arriskuok murrizteko eta prebentzioa lantzeko neurriak hartzeko. LABek salatu duenez, "kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak" dira nagusi gaur-gaurkoz sektorean, eta horrek omen dakar langileek beren osasunarekin ordaintzea enpresen irabaziak. Izan ere, sindikatuak prentsa ohar bidez azaldu duenez, aipatutako arrazoien ondorioz baja hartzen dutenak langileen %27,5 baino ez dira, eta askok medikazioaz abusatzen dute irtenbide gisa.

Langile horien egoera hobetze aldera, hainbat eskaera luzatu dizkiete enpresa eta instituzioetako arduradunei. Alde batetik, prebentzioa indartzea eta baldintzak hobetzea nahi dute, eta, horren baitan, ratioak errespetatzeko eta Osalanekin batera berariazko azterketa bat egiteko beharra azpimarratu dute. Ildo beretik, Osalanekin lantokietara bisitak egiteko kanpaina bat martxan jartzeko ere eskatu dute. Nabarmendu dute, gainera, arriskuak ebaluatu eta prebentzio metodoak garatzeko lanetan generoarekin lotutako alderdiak ere aintzat hartu behar direla.

Bestalde, osasun eta lan arloetako agintarien arteko koordinazioa hobetzeko deia egin dute, eta, zehazki, Osalanen eta Laneko Ikuskaritzaren artekoa. Hala, beharrezko ikusten dute enpresen gaineko kontrola eta jarraipena egitea osasun baldintzei dagokienez.