Nola hobetu Pagasarri? ibilaldia antolatu du larunbat honetarako (azaroak 20) Ekologistak Martxan elkarteak, Bilboko Udalaren laguntzaz. Txangoaren helburua izango da Bilboko naturgune nagusia den ingurune horretarako plan berezian sartutako proposamenak errepasatu eta egin diren zein egin daitezkeen hobekuntza ekintzak azaltzea.
Txangoa 09:30ean abiatuko da Zabalburu plazatik, eta ohiko bidea osatuko dute mendizaleek. Dena den, Gaztelondoko zabortegira hurbilduko dira lehenik, gune horretarako proposamenak ezagutzeko, eta Igertura ere bertaratuko dira, Pagasarriko elurzulorik zaharrenaren aztarnei erreparatzeko. Bolintxu bailara ikustean, berriz, Artxondoko harrobiaz jardungo dute. Bide zaharretik Ganetaraino igo ostean, ezkerreko pistatik jaitsi, zuhaiztia zeharkatu, eta Super Sur deritzon errepideko tuneletako aho bat ikusiko dute. Aurreikusten dutenez, 14:30ak aldean iritsiko dira bueltan Iberdrolaren Larraskituko egoitza ingurura.
Ibilbidean, Plan Berezian hainbat alderdiri buruz egindako proposamenak errepasatuko dituzte, hala nola, basoen kudeaketari, ibilgailuen sarbideen antolaketari edo harrera eremuei buruzkoak; halaber, bideen kontserbazioari eta paisaiaren eta kulturaren berreskurapenari eta integrazioari buruzkoak ere jorratuko dituzte. Planean proposatutakoa, orain arte egindakoa eta Pagasarriren egungo egoera aztertuko dituzte, beraz.
Izen-ematea
Ibilaldian parte hartu nahi dutenek nahitaez eman beharko dute izena. Horretarako aukera egongo da azaroaren 19ko (ostirala) 12:00ak arte. bizkaia@ekologistakmartxan.org mezu bat bidali beharko da, eta gaian honako hau adierazi: "Azaroak 20 ibilbiderako izen-ematea".
Mendiko botak, bastoiak, janaria eta edaria eramateko aholkua eman dute antolatzaileek.