Bizkaiko Elikagai Bankuarentzako izakinak eskuratzeko bilketa berezia egin ohi da urtero, "bilketa handia" deritzona. Hala ere, aurten, iaz gertatu bezala, boluntarioek ez dituzte jakiak zuzenean jasoko denda, elkarte eta supermerkatuen ateetan. Izan ere, Covid 19aren pandemia dela eta, azken kanpainan hartutako prebentzio neurriak oraingoan ere aplikatzea erabaki dute.
Horrenbestez, kanpaina honetan lagundu nahi duten herritarrek elikagai bonuen bidez egin ahal izango dituzte beren ekarpenak. Elikagai bonuak laguntzaile diren saltokietan eskura daitezke, eta horietan emango dituzten tiketean geratuko da adierazita dohaintzaren zenbatekoa. Horrez gain, Elikagai Bankuaren webgunean dohaintza puntualak egiteko aukera ere badago, banku-transferentzia bidez nahiz txartelarekin.
Dena den, hilaren 19an eta 20an boluntarioak supermerkatuetan egongo dira herritarrei aurtengo bilketa handiaren inguruko azalpenak emateko.
Iazko kanpainaren emaitzak
Aipatu bezala, joan den urtean ere aurtengo bideak erabili zituzten herritarren ekarpenak jasotzeko. Bada, Bizkaiko Elikagai Bankuko presidente Miguel Angel Fernandinok gaur egindako aurkezpenean azaldu duenez, denera 950.000 euro bildu ziren elikagai-bonutan, eta 250.000 euro banku-transferentzien bidez.
Fernandinok herritar guztiei luzatu die kanpainarekin bat egiteko deia, eta gogorarazi du biltzen dituzten ekarpenak Bizkaian beharrizanik handiena duten pertsona eta familiei helaraziko zaizkiela.