Palestinarren eskubideen aldeko mundu mailako lehenengo queer zinema festibala egiten dihardute aurten. Azaroaren 11n hasi zen eta 20an amaituko den ekimen honen baitan, bost kontinentetan zehar barreiatutako hirietan egingo dira proiekzioak, eta Internet bidez ere zabalduko dira ekintzak. Bada, Sare Lesbianistari esker, egoitzetako bat Bilbo izango da.
Hala, ostiral honetan, hilak 19, azoka egingo dute arratsaldez (17:00etatik 18:30era), eta iluntzean, 19:00etan hasita, zineforuma egongo da. Beyond the frontlines: Tales of resistance and resilience from Palestine lana izango dute mintzagai. 2017. urteko film frantziarra da, Alexandra Dols zuzendariarena, eta 2 ordu inguruko iraupena dauka.
Eztabaida horretan gonbidatu gisa zenbait aktibista arituko direla azaldu du Sare Lesbianistak. Honako hauek izango dira: Aziza Sadki (Raizes taldeko kide ohia), MIpanocha Rurru (artista dekoloniala), Reyna Tercero (Nikaraguako feminista eta Sare Lesbianistako kidea) eta saharar feministen ordezkari bat.
Zineforumaren aurretik jarriko duten azokatxoan, hain zuzen, MIpanocha Rurru artistaren lanak eta Sare Lesbianistako materiala (partxeak eta txapak) eskuratzeko aukera egongo da.
Israelen apartheida salatzeko tresna
Queer cinema for Palestine jaialdiaren antolatzailearen hitzetan, "Israelgo apartheidaren indarkeriari aurre egiteko artea eta kultura erabiltzen dituen espazioa" izatea da ekimenaren helburua. Hala, Palestinarren egoeraren eta LGBT+ komunitatearen errealitatearen inguruan mintzo diren filmak eta dokumentalak aurkezten ari dira egunotan.
Israelgo estatuaren aurkako boikotaren nazioarteko mugimenduaren barruan koka daiteke ekimena. Hain zuzen, horregatik erabaki omen dute TLVFest egiten den garai berean egitea palestinarrekiko elkartasun jaialdia. Izan ere, Israelgo gobernuak babestutako LGBT zinema jaialdia da TLVFest.
Jaialdia online jarraitu nahi dutenek Toronto Queer Film Festival plataforman (sarbidea errazteko helburuz diseinatua) izango dute horretarako aukera.