Gizarte bazterketaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko Berri-Otxoak plataformak antolatuta, pertsona talde bat Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean elkartu da. Pobreziaren ondorioz kalean bizi behar duten pertsonen "kartoizko etxeak" irudikatu dituzte, gizarte politiketarako inbertsioa areagotzeko aldarrikapena plazaratzeko asmoz.
"Aurreko aurrekontuetan aplikatutako murrizketa nagusiek bere horretan jarraitzen dute", adierazi du plataformak. Hala, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren %3ko egoera "barregarria" iruditzen zaie, eta azpimarratu dute ez dela iristen hilabete hauetako KPIaren igoera "kezkagarria" berdintzera.
Gizarte politiken ildo beretik, Lanbideko eta udal gizarte zerbitzuetako erabiltzaileek jasotzen dituzten zenbatekoak gutxieneko soldataren igoerari egokitzeke daudela azaldu dute. Pentsioen osagarriarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela salatu dute: "Egungo araudiaren arabera, 1.126 eurokoa izan behar da, baina Eusko Jaurlaritzak 834 eurokoa ezartzen du".
Herritarrik zaurgarrienei bideratutako Gizarte Larrialdiko Laguntzei dagokienez, zeinak Berri-Otxoaren ustez orain arte ere "eskasak" izan baitira, aurrekontu proiektuan %20ko murrizketa izango dutela aurreikusten da: "Orain, argi eta garbi, gutxiegi izango da oinarrizko beharrizanak asetzeko".
Protestara bildu direnek etxebizitzaren auzian ere jarri nahi izan dute azpimarra: "Alokairurako dirulaguntzek murrizketa pairatu zuten 2011. urtean, eta eta azken hamarkadan ez dira proportzionalki eguneratu prezioen igoerarekiko".
Pobreziaren areagotzea
"Eusko Jaurlaritzaren hipokrisiaz nekatuta" omen daude plataformako kideak: "Murrizketak egiten dituen bitartean, Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestan aitortzen du herritarren heren batek arazoak dituela hilabete amaierara iristeko, %19,9k pobrezia egoeraren bat adierazi duela, %8 pobrezia arriskuan dagoela eta %5,6 pobrezia erreal egoeran".
Hortaz, "murrizketen politika" baztertzeko eta "familia guztien eskubideak eta beharrizanak bermatzeko" deia luzatu diote Eusko Jaurlaritzari.