Ezinbesteko langileekin duen "zorra" kitatzeko eskatu dio LABek patronalari

uriola.eus 2021ko aza. 17a, 13:46

Bilboko Kale Nagusiko Confebasken egoitzaren aurrean bildu dira sindikatuko ordezkariak, eta 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordio interprofesionala sinatzeko eskaria helarazi diote EAEko enpresen konfederazioari

LAB sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresen Konfederazioak (Confebask) Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan.

Agerraldi horren bidez, pandemian zehar ezinbestekotzat jo ziren lanbideetako beharginen prekarietatea salatu dute, eta gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzeko aldarrikapena atera dute kalera: "Bidezkoa ez ezik, bideragarria da. Estatu mailan ezarrita dagoen gutxieneko soldata ez da nahikoa Hego Euskal Herrian etxebizitzak eta oinarrizko beharrek duten prezioari aurre egiteko". Horrenbestez, Confebaski eta Nafarroako Enpresen Konfederazioari (CEN) eskatu diete neurri hori ahalbidetuko duen akordio interprofesionala sinatzeko.

Sindikatuak aditzera eman du Euskal Herriko batezbesteko soldataren %60 dela 1.400 euro, baina, aldi berean, soldatapeko guztien %34k zenbateko hori baino gutxiago jasotzen duela. "Populazio inaktibo gisa konputatzen dituzten, langabezian dauden eta 1.400 eurotik behera jasotzen duten langileen kopurua batuta, langile guztien %52,7 da. Horietako gehienak emakumeak dira", azaldu dute.

Gainera, azpimarratu dute urtez urte soldatak Barne Produktu Gordinarekiko pisua galtzen joan direla eta sortutako aberastasunaren zati gero eta txikiagoa eskuratzen dutela langileek. Soldaten arteko aldea irudikatzeko honako adibide hau jarri dute: "Iberdrolako lehendakari Sanchez Galanek hilero 850.000 euro jasotzen ditu, adinekoen egoitzetako 660 langilek, elikagaien merkataritzako 766 langilek edota garbiketako 799 langilek bezainbeste".

Zaintza lanetatik lortutako etekinak

LABek azpimarratu du ezinbesteko langile horien artean, gehienak emakumeak izan zirela, eta horixe izan dela, hain zuzen, lanbideok "gaizki ordainduak" izatearen arrazoia. Hain zuzen, patronala emakumeen kontura etekin bikoitza atera duela adierazi dute: "Batetik, gure enplegu prekarioei esker aberastu da. Bestetik, etxean egiten ditugun zaintza lanez baliatu da".