2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era Euskal Herria zeharkatuko du beste behin ere, hogeitabigarrenez, AEK-k antolatutako Korrika ekimenak. 11 egunez, gelditu gabe, lekukoa eskuz esku ibiliko da, eta euskararen aldeko oihuz beteko dituzte ehundaka herri eta auzo.
Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela azalduta, hiztunek beren konpromisoa praktikan jartzeko deia zabalduko du gaur aurkeztu duten edizioak: "Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin".
Oraingo honetan, Korrikaren bueltan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte. Hala, euskaraz 34 urteko ibilbidea osatu duen hirukotearen jarduna aitortu eta saritu nahi izan dute.
Ibilbidearen xehetasunen berri aurrerago emango dute, baina euskaltzaleek dagoeneko badute ekimena babestu eta laguntzeko aukera. Antolaketan laguntzeko interesa dutenek, esaterako, herri eta auzoetako batzordeetan parte hartu ahal izango dute. Baina, horrez gain, hainbat modutan diruz laguntzeko edo saltoki nahiz enpresek ekimena babesteko aukerak ere badaude, eta ekimena zabaltzen laguntzeko gonbita ere luzatu diete herritarrei. Korrika.eus webgunean eskuragarri dago egitasmoari buruzko informazio guztia.