"Munduak une honetan dituen arazoak artearen bidez islatuko dira"

uriola.eus 2021ko aza. 18a, 12:06

TX Fest Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiaren 40. edizioa larunbatean hasiko da, eta bederatzi egunez ikuskizun eta ekintza ugari egongo dira hiriburuan bertan nahiz inguruko zenbait herritan. Aurten hamabi konpainia gonbidatu dituzte, eta herritar guztientzako moduko egitarau erakargarria prestatu dute, hainbat berrikuntza izango dituena. Antolaketa taldeko Josu Kamararekin hitz egin dugu xehetasun guztien berri emateko.

40. urteurrena ospatuko du TX Fest jaialdiak. Nola hasi zen dena?

Concha de la Casaren ekimenez sortu zen, modu nahiko xumean. Hasiera hartan, umeei zuzendutako ikuskizunak egiteko proposamena aurkeztu zuten udaletxean. Bada, urteak pasatu ahala hazten joan da jaialdia. Ibilbidean zehar bere gorabeherak izan ditu, baina aurrera egiteko indar nahikoa duela erakutsi du. Duela bost urte, Juanjo Corralesek hartu zuen Concharen lekukoa, eta bere taldeko kideok hor gabiltza, ekimenaren sinesgarritasuna elikatzen jarraitzeko gogoz.

Bi asmo garrantzitsu ditugu. Alde batetik, hemen egiten den lana Euskal Herrian zehar eta nazioartean erakustea nahi dugu, eta kanpotik datozen gauza eredugarri edo interesgarriak hona ekartzea ere bai. Bestalde, azken urteotako beste erronka handi bat jaialdia zabaltzea izan da, denboran zein espazioan.

Lan horren ondorioz, traje berria daukagu 40. urteurrenerako, jaialdiak iraun bitartean gure egoitza nagusia BBK Aretoa izango baita. Baina, areto horrekin egindako akordioari esker, txotxongiloek urtean zehar ere presentzia izango dute Bilboko programazioan.

Horrez gain, La Fundición aretoan bi emanaldi izango dira, eta Basurtu, Zorrotza, Errekalde, Otxarkoaga eta San Frantzisko auzoetako udaltegietara ere helduko dira ikuskizunak. Eta Bilbotik kanpo ere bai: Areatzara, Txorierrira (Lezamara eta Larrabetzura) eta urtero gurekin lankidetzan aritzen den Arrigorriagako Lonbo aretora.

Pandemiaren ostean zelakoa izan da antolaketa lana?

Burugogor samarrak garenez, jaialdiak ez du etenik izan. Hori bai, nazioartekotasuna alde batera utzi behar izan genuen 2020koan, eta nagusiki bertoko taldeekin osatu genuen egitaraua.  Aurten beste herrialde batzuetakoak ere etorriko dira. Euskal Herriko konpainia bakarra egongo da, baina ibilbide oso aipagarria duena: Gorakada.

Horrez gain, jaialdiaren inguruan egin ohi dugun formakuntza zikloa bertan behera utzi behar izan genuen iaz. Ingalaterratik, Hegoafrikatik eta Alemaniatik etorri behar ziren irakasleak, baina arazoak izan genituen. Azkenean aurten etorri dira, maiatzean.

Bestalde, joan den astean amaitu berri dugu aurtengo jaialdiari zegokion formakuntza. Italiatik etorritako bi irakasle eta Hegoamerikatik etorritako beste bat egon dira bertan. Gorputz-txotxongilo deritzona landu dugu, hau da, elementu txikiak erabilita norbere gorputzarekin sor daitezkeen txotxongiloak: eskuan sudurra eta begitxo pare bat jarrita, esaterako. Ines Pasicek eman zuen tailerra. Bestalde, Europan itzalen txotxongiloen arloan diharduten konpainia nagusietakoa den Giocco Vitako zuzendari Fabrizio ere izan dugu gurekin. Hirugarren tailerra Renato Curzirekin egin dugu, eta bi arlo landu ditugu: berriz ere gorputz-txotxongiloak, eta El Teatro del Oprimido antzerki-foruma, antzerkia komunitatearen zerbitzura jartzeko sistema eta teknika lantzen duena. Hiru gai potente eta hiru irakasle zoragarri izan dira.

Txotxongiloen mundua modu zabalean landuko duzue jaialdian.

Badaude eduki aldetik oso azpimarragarriak izan daitezkeen ikuskizunak. Eta aipatu beharreko beste gauza bat teknikak dira. Hibridazioa egongo da, txotxongilo teknika ezberdinak nahastuko baitira; kasu batzuetan dantzarekin, beste batzuetan objektuen animazioarekin, harizko txotxongiloak ere egongo dira… teknika guztiz ezberdinak. Kasu batzuetan aktorearekin elkarlanean, beste batzuetan txotxongiloak bakarrik, itzalak… denetarik.

Eta gaiak ere itzelak dira. Aurtengo jaialdia benetan izango da munduak une honetan dituen arazoen isla, artearen bidez errepresentatua. Zer pentsatua ez da faltako emanaldien ostean.

Zein hartzaile motari zuzenduta dago egitaraua?

Txotxongilo ikuskizunak umeentzako direla uste izaten da maiz, baina, normalean, belaunaldi ezberdinen arteko topagunea dira; umeak gehienetan ez dira bakarrik joaten, eta helduak ere txundituta geratzen dira ikusitakoarekin eta jasotako mezuarekin. Oso interesgarria izaten da ikusitako horren gainean belaunaldien artean sortzen den elkarrizketa.

Ikastetxeei bideratuta dago programazioaren zati bat.

Bai. BBK Aretoan aste barruan egingo diren ikuskizun guztien emanaldi bana goizean ere egingo da. Ikastetxeetatik etorriko dira, eta kasu horretan bai, ikuskizun batzuk adin tarte jakin bateko ikusleei zuzenduta egongo dira bereziki.

Bestearen begirada izeneko ekimena gauzatuko duzue BBK Aretoan. Zertan datza?

Munduko kulturek beren isla izango dute erakusketa horretan, maskaren bidez. Ikuskizuna, hitzaldia eta tailerra izango da. Hasierako ikuskizunaren ostean, Pep Beltránek hitzaldia emango du. Azpimarratuko du bereizten gaituzten kultura horiek elkartu ere egiten gaituztela. Kultura ezberdinetan antzeko maskarak daude, baina bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Amaitzeko, tailerra egingo dute, eta partaide bakoitzak aukera izango du berak egindako maskararekin kalera irteteko.

Txotena zentroa izeneko egoitza estreinatuko duzue. Norekin partekatuko duzue eta zein helburu izango du?

Otxarkoagan dago, eta inaugurazio ekitaldia egingo dugu jaialdiaren azken asteburuan. Hainbat ekitaldi eta tailer egongo dira egun osoan zehar.

TX Festeko antolatzaileokin batera, hainbat talde daude zentroan. Besteak beste, ArteKale, kaleko antzerkiaren elkartea. Beraiekin partekatuko dugu bulegoa. Taldeok antzerkia eta txotxongiloa transbertsalki lantzen dituzte, gatazkak jorratzeko tresna gisa, antzerki pedagokikoa egiten…

Txotena zentroaren helburu nagusia, gure aldetik, sektoreari zerbitzu bat eskaintzea izango da. Hala, talderen batek produkzio bat egin nahi badu, bertan aukera izango du. Egoitza bat eta patio handi bat dauzkagu, guk kudeatuko ditugunak. Horrez gain, prestakuntzarekin eta programazioarekin ere jarraituko dugu.

Bestalde, auzoarekin ere badaukagu konpromiso bat. Gauza ezberdinak antolatu nahi ditugu, eta bertako elkarteekin eta mugimendu sozialarekin elkarlanean arituko gara. Espazio oso irekia izango da.

Formakuntza egitasmoen hartzaileak zeintzuk dira?

Aurten antolatu ditugunak sektoreko jendearentzat dira, eta Dantzertiko ikasleentzako ere bai. Bestalde, harreman handia dugu Ibarrekolanda institutuko ikasleekin. Bi gradu daude hor, bata animatzaile soziokulturalena eta bestea artistikoa. Dena den, bereziki antzerki taldeen eta antzekoen artean egiten dugu zabalpena. 

Hari Morea proiektua da aurtengo beste berrikuntzetako bat.

Konturatu gara antzerki eta txotxongilo munduan ere emakume mordo bat dagoela lanean, baina kasu askotan, emakumea gizonezko baten izenaren atzean egon dela. Talde asko eta asko familiakoak izan dira, eta beti eraman izan dute gizonaren abizena, emakumea atzean utzita. Hori aztertu eta emakumearen presentzia ikusgarri bihurtu nahi genuenez, espazio bat sortzeko proposamena atera zen. Gure artearekin lotura duten zenbait emakumeri luzatu genien deia, eta euren esku utzi genuen espazio horren antolaketa. Horrenbestez, Hari Morea bilgune bat izango da, gaiaz eztabaidatzeko eta euren jarrera finkatzen joateko. Gainera, emakumeei zuzendutako hainbat tailer egongo dira, baita ikuskizunak ere. Kontu berria den arren, etorkizunean urteroko egitarauetan jarraipena izatea gustatuko litzaiguke.