Uribek 70eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea zinemaren munduan, eta orduz geroztik egindako lan guztiaren aitortza jasoko du bihar. Zinebiren 63. edizioaren itxiera ekitaldia 19:30ean izango da Arriaga antzokian. Hain zuzen, bihar bertan emango dute aurtengo palmares osoaren berri, eta sari guztiak banatzeaz gain, irabazleen lanak proiektatuko dituzte iluntzeko hitzorduan.
Ez da izango Zinebik zinema zuzendari bilbotarra saritzen duen lehenengo aldia. Izan ere, 1977an Zilarrezko Mikeldia lortu zuen, Lemoizko Zentral Nuklearraren eraikuntzaren aurka hainbat mugimendu hiritarrek egindako borroka jasotzen duen Ez dokumentalagatik. 1983an, berriz, jaialdiko Euskal Zinema Sailean aipamen berezia egin zioten Ikuska 13: Euskal Kantagintza Berria lanaren harira. Horiez gain, beste sari asko jaso izan ditu urteetan zehar Imanol Uribek.
Erakusketa San Frantziskon
Imanol Uriberen fikziozko lehen film luzea izan zen La fuga de Segovia entzutetsua, eta 40 urte bete dira estreinatu zenetik. Bada, Euskal Ekoizleen Elkarteak eta Ángel Amigok (filmaren ekoizleak) bultzatuta, San Frantziskoko komentu zaharreko aztarnategian Segoviako ihesaren 40 urte. Pelikula bat baino gehiago izeneko erakusketa jarri dute ikusgai.
Azaroaren 21era arte (igandea) egongo da erakusketa bisitatzeko aukera, eta Jesús Uriartek filmaketan zehar egindako argazkiak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, filmaren garrantzia ulertzen laguntzeko hainbat objektu eta dokumentu bitxi ere jarri dituzte.