Lehenengo saioa bihar bertan izango da, azaroak 20, 11:00etatik 12:30era arte. Hurrengoak ere asteko egun, ordu eta leku berean izango dira. Izena emateko nahiz zalantzak galdetzeko, ukabilketan@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar. Dena den, aurrez inskribatu gabe zuzenean saioetara joan eta probatu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Gainera, pertsona bakoitza nahi beste saiotara joan daiteke, ez baita derrigorrezkoa guztietara bertaratzeko konpromisoa hartzea. Jendea proba egitera animatzea da egitasmoaren helburua.
Ikasleek kirol arropa baino ez dute eraman behar, eskularruak eta gainerako beharrezko material guztia Abandok berak jarriko baitu. Euskaraz ondo jakitea ere ez da ezinbesteko baldintza izango; izan ere, bakoitzaren arabera moldatzeko prestutasuna agertu du irakasleak.
Luzerako asmoa
Ekimena nolatan sortu zen galdetuta, Danel Abandok azaldu du euskararen erabilera areagotzeko erronkan bere aletxoa jarri nahi zuela, nondik eta bera hobekien moldatzen den arlotik: “Azkenaldian boxeoa modan dago, eta gero jende gehiago dabil probatzeko gogoz. Bilbo hiri oso erdalduna izanik, garrantzitsua iruditzen zait gazteentzako eskaintza erakargarria egotea euskaraz, hizkuntzarekin beste modu batean harremandu ahal izateko eta ez dadin mugatu eskolara eta obligaziozko kontuetara”.
Asmo hori praktikara eramate aldera, proposamena aurkeztu zion Bilboko Udalari, eta aurrera ateratzen ahalegintzen aritu ostean, gazteentzako egitasmoak abian jartzeko Ideiak Martxan udal programaren bidez lortu du. Bere proposamenean azpimarratu zuen herritarrentzako doakoa izan beharko zuela (berak ere ez du kobratuko eskolak emateagatik): “Baldintza hori garrantzitsua iruditzen zait, kasu askotan diruarena oztopoa izan daitekeelako jendearentzat”. Beraz, ahalik eta ikastarorik irekiena antolatu nahi izan du, eta interesa duen edonor ongi etorria izango da, neska zein mutil. Hain zuzen, oraingo lau saioetatik aurrera ere egitasmoak jarraipena izatea nahi luke Abandok, eta etorkizunean parte-hartzaileen adin tartea zabaltzea ere gustatuko litzaioke.
Boxeoari lotutako bizitza
14 urte zituela hasi zen Danel Abando boxeoaren munduan, eta geroztik ez du alde batera utzi. Garai batean txapelketa dezentetan parte hartu izan zuen, eta garaipen oso garrantzitsuak ere eskuratu zituen Deustuko tigreak (Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna izan zen eta brontzea eskuratu zuen Espainiako txapelketan). Horrez gain, baina, irakasten eta entrenatzen ere hasi zen eta horretan dihardu gaur egun ere. Gainera, Club Deportivo Elkarteko boxeo batzordeko presidentea da.