Marija Apcevskaren 'North Pole' film laburrak jaso du Zinebiko sari nagusia

uriola.eus 2021ko aza. 19a, 12:45

'North Pole' film laburraren fotograma

Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia, Azaletik azalera animazioak lortu du (Mel Arranz, 2021), eta Espainiakoa, berriz, Descartes dokumentalak (Concha Barquero eta Alejandro Alvarado, 2021).

Marija Apcevskaren North Pole (2021, Ipar Mazedoniako Errepublika - Serbia) izan da gaur amaituko den Zinebi jaialdiaren 63. edizioko irabazle nagusia. Nazioarteko epaimahaiak fikziozko lan hori hautatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren jakinarazi du: "Protagonistaren aurpegia bezain delikatua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presioaren eta askapen gozoaren artean dabilen zerbait bezala deskribatzen du emakumeen desira. Nerabezaroan, drama mugimendu bakar batean sortu eta desagertu zen”.

Isabel Herguera euskal zuzendari eta ekoizleak, Jone Laspiur aktore gipuzkoarrak, James Lattimer programatzaile, kritikari eta zinemagile britainiarrak, Itandehui Jansen zinemagile eta irakasle mexikarrak eta Florencia de Mugica Argentinako ekoizleak osatu dute aurtengo epaimahaia.

North Pole, gainera, ZINEBIk 2022ko Zinemaren Europako Sarietarako (EFA) hautagai gisa proposatutako lehen film laburra da.

Sail Ofizialeko Euskal Film Labur Onenaren Sariari dagokionez, Mel Arranz gasteiztarrarentzako izan da. Azaletik azalera animaziozko lanagatik. Espainiako onena, berriz, Concha Barquerok eta Alejandro Alvaradok zuzendutako Descartes dokumentalari eman diote.

Sail Ofizialarekin jarraituz, opera primarik onena Fern Silvaren Rock Bottom Riser ekoizpen estatubatuarra izan da. Bestalde, Jessica Beshir zuzendari mexikar-etiopiarraren Faya Dayi lanari aipamen berezia egin diote. Amaitzeko, EHUko ZIFF Gazte Epaimahaiaren saria Diego Hernándezen "Los fundadores” (Mexiko, 2021, Fikzioa) filmak jaso du.

Sail Ofizialetik kanpo sarituak

Bestalde, SGAE – Euskadiko Kontseiluak Maider Oleagaren Kinka (Euskadi, 2021) fikziozko film laburrari Euskadiko Gidoi Onenaren Saria eman dio. 

FAS zineklubak, berriz, Ainara Elgoibarren Rotor (Euskadi, 2021) saritu du, Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi sailean lehiatzen diren film laburretako onena izateagatik.

Azkenik, UNICEF saria Paula Armijoren Écoutez-moi (Espainia, 2021) film dokumentalarentzako izan da.

Amaiera gala

Gaur itxiko ditu ateak ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioak, 19:30ean Arriaga Antzokian egingo duten ekitaldiarekin. Sra. Polaroiska talde artistikoak zuzenduko du gala, eta Sail Ofizialean saritutako film laburrak proiektatuko dira.