Giza eskubideak pantailara

uriola.eus 2021ko aza. 20a, 12:00

'Nuestra vida como refugiados en Europa' filmaren fotograma

Zinexit Zinema eta Giza Eskubideen XI. Erakusketa izango da astelehenetik ostiralera bitartean Golem Alhondiga zinema aretoetan. París Stalingrad filmaren estreinaldia, Maixabel euskal ekoizpena edota Kubricken Paths of Glory klasikoa ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Zinexitek bost eguneko egitaraua prestatu du, eta beste behin ere, film eta dokumentalen emanaldiekin batera, hainbat solasaldi izango dira. Urteroko legez, giza eskubideen aldeko borrokak izango dira egitasmoaren ildoa, banakakoak nahiz kolektiboak.

Datorren astean zehar emango diren ikus-entzunezkoen artean, nabarmentzeko modukoak dira, besteak beste, 2020an Goya saria jaso zuen Nuestras vidas como refugiados en Europa (Silvia Venegas), estreinatu egingo duten Paris Stalingrad (Hind Meddeb, Thim Naccache), aurtengo Zinegoak jaialdian saritutako La leyenda negra (Patricia Vidal Delgado), 2020an Oscarretarako izendatu zuten The Cave (Bruce Hunt), Stanley Kubrick-en Paths of Glory klasikoa eta Icíar Bollaín zuzendariaren Maixabel.

Azken horri dagokionez, filmeko benetako protagonistarekin solasaldia egongo da proiekzioaren ostean. ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren emaztea da Maixabel Lasa. Ostegunean izango da hori, hilak 25.

Emanaldi guztiak ordu berean izango dira, 19:30ean. Sarrera librea izango da, baina emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago jaso beharko da leihatilan. Egitarau guztia eskuragarri dago zinema jaialdiaren webgunean.