Armagintzan BBVAren erantzukizuna salatu zuen aktibistari babesa erakutsi diote

uriola.eus 2021ko aza. 22a, 11:11

Gaur goizean epaitegien aurrean egin duten kontzentrazioa

Epaitu egin dute gaur goizean, 2019ko martxoan Euskalduna jauregian egin zen bankuko akziodunen batzarraren harira pintura gorriarekin egindako ekintzaren ondorioz. Erakundeak armen industrian dituen inbertsioak gaitzesteko performancea izan zen.

Bi aktibista antimilitarista epaitu dituzte BBVAren 2019ko akziodunen batzarra zela eta gauzatu zuten protesta ekintza baketsuaren ondotik. Euskalduna Jauregiaren aurrealdean etzan ziren, pintura gorriz blai, odola bailitzan, bankuak armagintzan eta gerran dituen inbertsioak dakarten indarkeria islatzeko.

Egun hartan poliziak identifikatu egin zituen, beste zenbait kiderekin batera, eta mozal legea deritzona aplikatuta, lehenengoak joan den hilean izan zuen epaiketa, eta bigarrenak, berriz, gaur goizean.

Hori dela eta, EHk Kapitalari Planto! mugimenduan eta BBVAren aurkako plataforman parte hartzen duten taldeetako hainbat kide bildu dira goizean Barroeta Aldamar kaleko epaitegien atean, aktibistari babesa adierazte aldera. Horrez gain, baina, beste behin ere plazaratu nahi izan dute "gerrak hemen hasten direla, bankuen bitartez finantzatzen direla gure diruarekin eta, horregatik, hemen geldiarazi behar direla", KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitaristako kide Eva Perez-Ponsek azaldu duenez.

Gainera, gaurko agerraldiaren bitartez mozal legearen aurka egin nahi izan dute: "Mobilizazio sozialak pairatzen duen kriminalizazioa eta errepresioa salatu nahi dugu".