Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelo nagusiarekin batera, autodefentsa feminista antolatzeko aldarria hartuko dute ahotan ostegunean, azaroak 25, mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartuko dutenek.
Deitzaileek azpimarratu dutenez, "minduta, baina amorruak indartuta" iritsiko dira osteguneko hitzordura: "Azken urteetan, data honetan indarkeria matxistaren aurpegi desberdinak ikusgarri ditugu: (in)justizia sistema heteropatriarkala, euren politikekin zapaltzen gaituzten instituzioak zein haurren kontrako indarkeria salatu ditugu".
"Begirada egunerokotasunean pairatzen ditugun indarkeria anitzetan jartzeko beharra" ikusi dutela azaldu du mugimendu feministak. "Kokoteraino gaude etxera beldurrez itzultzeaz, kokoteraino gure lanpostuetan jazarleak aguantatzeaz, erasoak salatu eta jendarteak gu zalantzan jartzeaz…", adierazi dute manifestazioa iragartzeko plazaratutako oharrean. Beste behin ere gogorarazi dute egoera horiek egiturazkoak direla, eta "izebergaren punta" baino ez. Hala, instituzioei aurpegiratu diete arlo honetan gauzatzen diren politikak "edukiz hutsik" daudela, eta indarkeria matxista "errotik erauzi" behar dela.
Manifestazio nagusia 19:30ean abiatuko den arren Jesusen Bihotzaren biribilgunetik, bi zutabe handi abiatuko dira aurten eraso gehien egon diren guneetatik. 18:00etan Bilbo Zaharreko plazatik abiatu eta Urazurrutian barrena joango da bata, eta bestea 18:30ean aterako da Prim kaleko igogailutik, eta Iturribide kaletik eta inguruetatik igaroko da. Horrez gain, auzoz auzo zutabe horietara eta manifestazio handira batzeko beste zenbait zutabe antolatuko dituzte.
Maguete Mbeugouren hilketaren gaitzespena
Emakumeen aurkako indarkeriarekin jarraituz, 2018an Atxurin Maguete Mbeugou hiltzeaz akusatutako gizonak epaiketa izan du gaur. Bada, Bilbo Feminista Saretzen taldeak eta Famek elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Bilboko epaitegien aurrean. Ustezko hiltzailea biktimaren senarra zen, eta adin txikiko bi alaben aurrean hil omen zuen Mbeugou.
"Pobreziak emakume aurpegia du"
Azaroaren 25aren bueltan, hain zuzen, dozena erdi elkartek (La Posada de los Abrazos, Bizkaiko Etxe Langileen Elkartea, Mujeres del Mundo-Babel elkartea, Etxekotu Gabeko Emakume Langileen Kolektiboa, Argitan Emakumeentzako Aholkularitza Zentroa, Gizarte Bazterketaren aurkako Berri-Otxoak Plataforma eta Santurtziko Gizarte Eskubideen ODS Bulegoa) Eusko Jaurlaritzaren Kale Nagusiko egoitzaren aurrean salatu dute zerbitzu publikoek ez dituztela aintzat hartzen emakumeek pairatzen dituzten egoera eta arazo konkretuak. "Hipokrisia" leporatu diete administrazioei: "Emakumeen aldeko adierazpen instituzionalak egin arren, egunero murrizten dituzte horiez baliatu ahal izateko baliabideak".