Biziz Bizi taldeko kideek urrian egin zuten Bilbotik Galdakaoraino iritsiko den bidegorria eskatzeko lehenengo Bizi Martxa, eta ekimena hilero errepikatzeko asmoa dute, azken larunbatetan.
“Bilbotik Galdakaora joan ahal izatea odisea dela dirudien arren, berez hurbil daude. Azpiegitura egokiekin, jende asko animatuko litzateke bizikleta hartzera, horrek dakartzan onura guztiekin”, adierazi du elkarteak. Gainera, gogorarazi du 2003an osatutako Bizkaiko Bizikleta Plan Nagusiko Nerbioi-Ibaizabal 2. ardatzean definituta dagoela proiektua, eta benetan egikaritzeko garaia dela uste du.
Masa kritikoa kalera
Bestalde, eta hirian bizikletaren erabilera aldarrikatzeko ekintzekin jarraitzeko, bihar iluntzean (osteguna) masa kritikoa kalera aterako da, hiriko kale nagusiak bi gurpilen gainean zeharkatzeko. Muduko hainbat hiritan hilero egiten den ekintza bat da, mugikortasun jasangarria eta txirrindularien segurtasuna eskatzeko mugimendu gisa.
Kale Nagusiko Aldundiaren eraikinaren aurretik aterako dira 19:30ean, eta geldialdia egingo dute Autonomia kalean, duela hiru urte ibilgailu batek harrapatuta hil zen txirrindulariaren omenez jarritako bizikleta zurian.