Gabonetako merkatua ez ixteko eskatu du oposizioak

uriola.eus 2021ko aza. 24a, 13:26

40 urte baino gehiagoz egin izan dute Gabonetako merkatua Bailen kalean (argazkia: Bilboko Gabonetako Merkatu Tradizionala)

EAJ eta PSE-EEk osatutako udal gobernuari Gabonetan Bailen kalean egin ohi den azoka tradizionala ixteko erabakia berraztertzeko eskatu diote udalbatza osatzen duten gainerako alderdiek

80ko hamarkadaz geroztik egin izan da itsasadarraren alboko azoka tradizionala, baina aurtengo ediziorako udalak ez du eman bide publikoa erabiltzeko baimenik. Bada, udalbatza osatzen duten oposizioko taldeek, hau da, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk, ez dute begi onez ikusi erabakia, eta premiazko mozioak aurkeztu dituzte erabakia berriz aztertzeko eskatze aldera. Lehenengoen ustez, “aldebakarreko erabakia” da, eta gaia kaltetuekin batera lantzeko beharra azpimarratu dute. Koalizio morea ere bat dator horrekin, “gutxienekoa” dela iritzita; izan ere, ez diote “inolako zentzurik” ikusten egoerari.

Oposizioko alderdiek gogorarazi dute, hain zuzen, merkatariek eta auzokideek azoka bertan behera uztearen aurkako sinadurak aurkeztu dituztela Arartekoan.

Abendu hasieran hasi eta Gabonak igaro arte jarri izan da urtero artisautza produktuen eta oparien azoka Bailen kalean, tren geltokiaren aurrealdean.