Eguneko manifestazio zentrala 19:30ean abiatu zen Jesusen Bihotzetik, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! zioen pankarta buru zuela. Bidean batu zitzaien hainbat auzotatik iritsitako zutabeak eta Bilbo Zaharretik eta Prim kaletik ateratako beste bi zutabe nagusiak. Azken bi horiek aurten eraso matxista gehien gertatutako guneetatik igaro ziren Kale Nagusian barrena joan zen pankartaren atzean jarri aurretik. Eguraldi petrala gorabehera, jende askok egin zuen bat deialdiarekin, eta ozen oihukatu zuten "gora borroka feminista". Hiriko talde feministen arteko koordinakundea den Bilbo Feminista Saretzenek antolatu zuen udaletxearen aurrean amaitu zen mobilizazioa.
Amaieran irakurri zuten manifestuan, nabarmendu zuten aurten Bilboko Mugimendu Feminista hamalau bider atera behar izan dela kalera Euskal Herrian zein hirian bertan gertatutako eraso matxistak salatzera, tartean bost erailketa. Hain zuzen, indarkeria matxistaren ondorioz "jada gurekin ez dauden" horiek gogoan hartzeko minutuko isilunea egin zuten, baina jarraian oihu egitera animatu zituzten manifestariak, luzaroan isilik egon behar izan ostean, "zarata egiteko ordua" heldu dela esanez.
Egindako irakurketan, sistema heteropatriarkal eta arrazista kokatu zuten eraso horien guztien oinarrian, eta instituzioen edota poliziaren erantzukizuna azpimarratu: "Erakunde konprometituak behar ditugu, eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze eta argazkirik". Emakumeak "beldurra izateaz nazkatuta" daudenez gero, kaleak hartzeko deia plazaratu zuten bertaratutakoen artean, "Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista" eraikitzeko bidean.
Sozialismoaren aldarria ere kalean
Jesusen Bihotzetik abiatu zena, baina, ez zen izan atzo iluntzean Bilboko kaleak zeharkatu zituen mobilizazio bakarra. Emakumeen antolakunde sozialistak, Itaiak, ordubete lehenagorako deitu zuen mobilizazioa, Indautxu plazatik abiatuta.
Feminismoa “instituzioen aurpegi garbiketarako eta etekin ekonomikoak bermatzeko” erabiltzeko joera gaitzetsi nahi izan zuten, atzoko egunerako argitaratu zuten manifestuarekin aditzera eman zutenez. Hala, ikusarazi nahi izan zuten horrek ez dakarrela, errealitatean, aurrerapen nabarmenik, eta “berdintasuneranzko joeraren kontrakoa” bizi dugula egun. Beraz, egoera iraultzeko “errealitate soziala bere osotasunean atertu eta gainditzeko proposamen politikoa” behar dela azpimarratu zuten, eta krisi kapitalistaren gain jarri nahi izan zuten fokua. Gainera, egun nagusi den ikus-entzunezko kulturaren bitartez emakumeen aurkako erasoak forma ezberdinak hartuta biderkatzen direla adierazi zuten. Ildo beretik, hipersexualizazioa ahalduntzetzat jotzeak burgesiari baino ez dio mesede egiten, Itaiaren ustez.
Hortaz, egiturazko dominazio horri aurre egiteko bidea oinarrira jotzea eta “sozialismoaren eraikuntzaren norabidean indarrak metatzea” dela zabaldu nahi izan du antolakundeak atzoko agerraldiaren bidez.
(Argazkia: Bilboko Itaia)