Bigarren alarma egoerako isunak itzuliko ditu udalak

uriola.eus 2021ko aza. 26a, 10:21

2020ko urriaren 25etik aurtengo maiatzaren 9ra arte indarrean egon ziren salbuespen neurriengatik jarritako zehapenak baliogabetuko dituzte, eta ordaindu dutenei dirua itzuliko diete.

Zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeari, lurralde mugikortasunari eta pertsonen artean elkartzeari lotutako mugen ondorioz jarritako zigorrak izango dira bertan behera geratuko direnak. Bilboko Udalak aditzera eman duenez, denbora tarte horretan 4.610 zehapen jarri zituen Udaltzaingoak, eta horietatik 1.222 ordainduta daude jada.

Itzultzeko prozedura

Bilboko Udalak zehapenak jaso zituzten herritarrek beren dirua bueltan jasotzeko zer egin behar dutenazaldu du: 

Segurtasun Sailarekin harremanetan jarri behar dira expedientes-sanciones.ssc@bilbao.eus helbide elektronikoaren bitartez, eta honako datu hauek eman beharko dituzte: Espedientearen edo ordaindutako ordainagiriaren zenbakia, arau-hauslearen NAN/AIZ/PASAPORTE zenbakia eta itzulketa egiteko kontu-korrontearen zenbakia (IBANa barne).

Hori guztia ez da beharrezkoa izango zehapenaren ordainketa zatikatu dutenentzat, edo zehapena, osorik ala zati batean, betearazpen-bidetik kobratu zaienen kasuan, Udalak dagoeneko badituelako beren datuak. Bestalde, lehen alarma-egoerako isunak ordaindu, eta, orain arte, Udala haiekin harremanetan jarri ez den pertsonek bide bera erabili ahalko dute.