Rafael Mikoleta ipuin lehiaketarako izen ematea zabalik

uriola.eus 2021ko aza. 26a, 12:24

Azken edizioko lanekin osatu zuten liburua (Argazkia: Bilboko Udala)

Bilboko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek urtarrilaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euskarazko idatzitako lanak. Egitasmoaren 34. edizioa izango da oraingoa.

Lehenbiziko euskal gramatika osatu zuen Rafael Mikoletaren izena darama 1988az geroztik Bilboko Udalak antolatzen duen eskolarteko euskarazko literatura lehiaketak. Bilbotar ikasleen artean euskarazko irakurketa eta idazketa sustatzea du helburu. 

Hirian erroldatuta dauden haur eta gaztetxoek har dezakete parte, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan dihardutenek.

Lanak nola aurkeztu

Ipuinak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 28an amaituko da, 14.00etan. Aleak Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko Euskara Zuzendariordetzan entregatu beharko dira (Venezuela plaza 2, 7. solairua).

Parte hartzaileek jatorrizkoa (koloretan) eta kopia bat aurkeztu beharko dute. Egilearen datuak ez dira agertu behar izenburuaren ondoan; soilik ikasturtea eta zein kategoriatakoa den.

Erantsitako fitxa batean, ipuinaren kategoria eta izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen-abizenak eta eskolaren izena jarri beharko dira.

Lehiaketaren oinarriak www.bilbao.eus udal webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus orrian daude. Gainera, Bilboko ikastetxeetan eskuzko 2.000 egitarau banatuko dira, lehiaketa eta oinarriak iragartzeko.

Kategoriak eta epaimahaia

14 sari emango dituzte guztira, kategoria bakoitzeko hiru. Honela banatuko dira:

  • A kategoria: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak
  • B kategoria: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak
  • C kategoria: DBHko 1. eta 2. mailak
  • D kategoria: DBHko 3. eta 4. mailak

Kategoria bakoitzeko irabazle nagusiak 180 euroko balioa duten opariak jasoko ditu; txapeldunordeak, 140 euroko balioa dutenak, eta hirugarrenak, 100 euroko balioa dutenak.

Beste urte batez, euskal literaturako izen handiak aurkitu ahal izango dira haur eta gaztetxoen lanak baloratuko dituzten epaileen artean. Honako hauek izango dira: Igone Etxebarria, Txani Rodríguez, Lutxo Egia, Juan Ramón Madariaga, Julen Gabiria, Irune Urrizelki, Galder Urzaa eta Goizalde Landabaso.