Museoak ere euskaraz

uriola.eus 2021ko aza. 29a, 12:44
Euskararen Etxean egin dute egitasmoaren aurkezpena (Argazkia: Euskararen Etxea)

Ondarea, berbetan izeneko egitasmoa jarri du martxan aldundiak, Euskararen Etxearen eta BizkaiKOA sarearen eskutik.

Euskararen Nazioarteko Eguna aste honetan izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarea Berbetan izeneko ekimena jarri du martxan hainbat museotan, euskararen presentzia bermatzeko helburua duena. Euskararen Etxearen eta BizkaiKOA Bizkaiko Foru Museoen Sarearekin batera ondu dute proiektua, eta lurraldeko zortzi museotan aplikatuko dute, besteak beste Bilboko Euskararen Etxean bertan eta Arkeologi Museoan.

Museoaren ondarea haien berbetan erakusteko asmoz, euskarazko alfabeto bereziak egin dituzte bisitarientzako, eta euskara euskarri fisikoetara ekarri dute. Aipatutako abezedarioan museoek biltzen dituzten obrekin edo ondarearekin lotutako hitzak sartu dituzte, eta abenduaren 3tik aurrera jarriko dituzten totemetan ikusi ahal izango dira. Horrekin batera, berba horien gaztelaniazko, frantsesezko nahiz ingelesezko ordainak biltzen dituen hiztegitxoa ere aterako dute, jendeak etxera eraman ahal izateko modukoa.

Horri lotuta, eta museoek ere euskara darabiltela erakusteko asmoz, Ondarea, berbetan ekimenaren bueltan hitzordu bereziak antolatu dituzte. Bilbokoei dagokienez, abezedarioetarako aukeratutako hitzetan oinarritutako bisita bereziak egingo dituzte Arkeologi Museoan nahiz Euskararen Interpretazio Zentroak. Bestalde, Euskararen Etxean Hostopotoak programa gauzatuko dute, familia giroan euskaraz jolasteko.