'Aizu!' aldizkariak 40 urte

uriola.eus 2021ko aza. 29a, 16:57

Aizu! aldizkariaren azken azala

AEK koordinakundearen argitalpena euskara ikasleentzako sortu zen propio, eta lau hamarkadako ibilbidea osatu du dagoeneko. Zenbaki berezia prestatu dute ospakizun modura, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute.

1981eko Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten AEK-ren Aizu! aldizkaria, eta urteurren borobileko ale berezia ere leku berean emango dute ezagutzera. Urteurrena ospatzen, dena den, 2021aren hasieran hasi ziren; izan ere, aldizkariaren pasarterik garrantzitsuenak argitaratu dituzte hilero aldizkarian. Horrez gain, irailaz geroztik martxan daude webgune berritua eta harpidetza digitala egiteko aukera.

Aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dutena 462. alea izango da. Ohi baino sendoagoa izango da, eta orrialdeen barrualdeko mamia ere berezia izango du. Hala, Ez da hain fazila atala handitu dute, denbora-pasak eta ariketak eskaintzen dituena. Horrez gain, ohiko edukiez aparte, Aizu! aldizkariaren ibilbidearekin lotutako beste batzuk ere tartekatuko dituzte: aldizkarian aritutako irudigile eta artisten zorion postalak, irakurleen iritziak, eta abar.

AEK-AIZU!-k Landako Gunean jarriko duen standean eskuratu ahal izango da ale berezia, eta harpidetza egiteko aukera ere egongo da. Hala egiten dutenek, gainera, Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariaren diseinua daraman poltsa eramango dute etxera. Gainera, azokan bertan agerraldia egingo dute urteurreneko aldizkari berezia aurkezteko.

Nolanahi ere, abendu osoan zehar kanpaina berezia gauzatuko dute aldizkaria ezagutzera emateko. Horren baitan, ikasleek 2022ko urtarrileko alea doan jaso ahal izango dute (pdf formatuan edo formatu fisikoan) webgunearen bitartez eskaria eginez gero.