Amaitu da Bertsolari Gazteen 29. BBK Sariketa, eta Uribe Kostako taldearentzako izan da txapela, finalean 443,5 puntu lortuta, Lea Artibaikoek baino bi gehiago.
26 urtez azpiko bertsolariek hartzen dute parte sariketan, eta saio bakoitzean bi multzotan aritzen dira talde bakoitza. Alde batetik, 18 urte artekoak, eta bestetik, 19 eta 26 urte bitarteko adina dutenak. Multzo biak aintzat hartuta hobekien jarduten duenak irabazten du, eta atzo halaxe egin zuten Uribe Kostakoek.
June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago aritu ziren gazteenen multzoan, eta nagusienean, aldiz, Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza. Lea Artibaikoen kasuan, 18 urtez azpikoetan Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga igo ziren oholtzara, eta 26 urte artekoetan aritu zirenak Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Naia Ibarzabal izan ziren.
Igor Menikak jardun zuen aurkezle lanetan, eta epaileak honako hauek izan ziren: Beñat Romero, Leire Etxeberria eta Miriam Juaristi. Idoia Anzorandia izan zen idazkaria.