Sei kanta bildu ditu Korrontzik Aita Mari. Bidaia musikala urrutiko uretara lanean, eta, horrez gain, Aritz Bergarak idatzitako itsasontziaren egunerokoa, Alfonso Novo galiziarraren argazkiekin lagundua. Musikan, han-hemengo artista askok jarri dute beren alea, eta izen ezagunak aurki daitezke tartean: Luar Na Lubre (Galizia), Stefano Saletti (Italia), Luís Peixoto (Portugal), Riccardo Tesi (Italia), Mikel Urdangarin (Euskal Herria), Jesús Cifuentes (Valladolid), Celina da Piedade (Portugal), Xabier Amuriza (EH), Aziza Brahim (Sahara), Althay Páez (Kanariar Uharteak)…
Korrontziko Agus Barandiaranek azaldu du lagun eta ezagun dituen musikari eta artistekin jarri zela lehendabizi harremanetan, baina proiektuaren berri izan ostea, kolaboratzeko prest agertu ziren beste hainbatek jo zutela berarengana.
Egitasmoa nondik datorren azaldu dute lan berri honen aurkezpenean. Duela zenbait hilabete hasi zen dena, Salvamento Humanitario Maritimo elkartearen partetik gonbidapena jaso zuenean uztailaren 2an Victoria Eugenia antzokian egin zen kontzertu batean parte hartzeko, beste artista batzuekin: “Ordutik, proiektu honi bueltak ematen hasi nintzen, eta otu zitzaidan Aita Mari ontziari laguntzeko bidaia musikal bat egitea”. Hala, Euskal Herritik abiatu eta Mediterraneora iristen den ontziaren istorioa jorratu dute disko honetako doinuekin. “Mediterraneoko bi kostaldetan dauden herrialde horiek musikaren bidez lotu nahi izan ditugu”.
Salmentatik nahiz urtarriletik aurrera emango dituzten kontzertu berezi batzuetatik ateratzen duten dirua helaraziko diote Aita Mari ontziari. Diskoen prezioaren zenbatekoa osorik bideratuko da helburu horretara; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak hartu ditu bere gain ekoizpen kostuak.
Kontzientziak pizteko tresna
Barandiaranek azaldu du Burrianara (Castelló) joan zela behin, Aita Mari lotuta dagoen portura: “Ikusi nuen zein zen errealitatea, itsasoratzeko baimenik ez baitzuten une hartan. Itsasontzian sartuta zegoen jendea ikustea, halako helburu laudagarri eta beharrezko baten alde lan egiteko gogoz, hunkigarria izan zen”.
Hain zuzen, Salvamento Humanitario Maritimoko Izaskun Arriaranek ere parte hartu du aurkezpenean. Bada, proiektua martxan jarri izana eskertu du, eta gaineratu du laguntza ekonomikoaz harago, “sentsibilizazioa lantzea” eta “jendeari egoeraren berri ematea” dela lortu nahi dutena. Gogorarazi du boluntarioak direla Aita Mari ontzian erreskate lanetan jarduten dutenak, eta jakitera eman du urtarrilean berriz ere itsasoratuko dela ontzia.
Zintzo bezain gogorra
Aritza Bergarak Ongi Etorri Errefuxiatuak nahiz CEAR bezalako elkarteekin lan egin izan du, eta hurbiletik ezagutzen du errefuxiatuen egoera. Horregatik proposatu zioten itsasontziaren egunerokoa idaztea proiektu honetarako. Bada, Bergarak hasieratik garbi izan zuen “errealitatea bezain gogorra” izan behar zuela testu horrek: “Pertsonak hiltzen ari dira Mediterraneoan, eta hori derrigorrez islatu behar zen. Bestalde, alaia ere izan daiteke tarteka, Aita Marirena bezalako proiektuekin bizitzak salbatu baitira tarteka”. Hala, misio bat kontatu du orain argitara atera duten testuan, gordintasuna bazter utzi barik.