Berriaren kanpaina berezia Bilbon

uriola.eus 2021ko abe. 2a, 10:29

Gaurtik eta hilaren 16ra arte doako 100 harpidetza banatuko dituzte hirian; Hor Dago Abante konpartsarekin elkarlanean antolatu dute egitasmoa.

Euskarazko irakurzaletasuna sustatu eta Berriaren zabalkundean eragiteko asmoa du gaur hasi den kanpaina berezi honek. 

Hain zuzen, Bilbon euskaraz bizitzea da Hor Dago Abante konpartsaren helburua, eta ildo horretatik, ekarpena egin nahi die, besteak beste, euskarazko komunikabideei. Hori dela eta, datozen bi astetan doako harpidetza egiteko aukera baliatzera animatu dituzte hiritarrak.

Banatuko dituzten doako 100 harpidetza horiek asteburukoak izango dira. Horren bidez, zapatuetan eta igandeetan paperezko egunkaria jasotzen dute harpidedunek, eta argitaratzen diren ale guztien PDF formatuko bertsioa ere bai. Horrez gain, Berriako produktuetan deskontuak izaten dituzte, zozketetan parte har dezakete, eta beste hainbat abantailaz gozatzeko aukera daukate. Harpidetza kopurua baino interesatu gehiago baldin badaude, zozketa egingo dute eskatzaileen artean, kanpaina amaitzean.

Esteka honen bidez bete daiteke harpidetza eskatzeko galdetegia.