Udalak argitaratu ditu dagoeneko 2022ko Aratuste jaien kartel lehiaketarako deialdiaren oinarriak. Parte hartzeko interesa dutenek abenduaren 31ko 14:00etara arteko epea daukate 70cmx50cm tamainako irudi bat aurkezteko.
Aurreko edizioetan bezala, egile bakoitzak bi irudi aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere, eta Udalaren Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, Venezuela plazan, 2. zenbakian.
Jaien Batzordeko kideek eta diseinuaren eta kulturaren munduko ordezkariek osatuko dute epaimahaia, eta horien ardura izango da, aurrerago, sei kartel finalistak hautatzea. Gero, finalista horien artean, herritarrek irabazlea hautatuko dute.