Bendejerei omenaldia Euskararen Egunaren bueltan

uriola.eus 2021ko abe. 2a, 13:10

Merkatuetara elikagaiak ekartzen zituzten eta dituzten emakume baserritarrei egin die aitortza Juan Mari Aburto alkateak, "euskara Bilboko plaza, merkatu eta kaleetan zabaltzen lagundu baitute". 

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin diete omenaldia gaur, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Gaur egun Erriberako Merkatuan beren produktuak saltzen jarraitzen duten zortzi bendejeretako bostek parte hartu dute, beren bizitzako uneren batean baratzetik uriko plazetara bidean ibili ziren beste guztien izenean.

Omenduek saski itxurako oroigarri bat jaso dute, honako esaldi hau zeramana: "Eskerrik asko azoka bete bendeja eta otzara bete euskera herritik urira ekartearren". Begoña Bolunburuk hartu du hitza bendejeren izenean, eta esker ona adierazi dio udalari. 

Alkateak gogorarazi du bendejerak «belaunaldiz belaunaldi etorri» direla «gure merkatuetara, baserrian mimo handiz hazi eta jasotako produktuak saltzera, oinez, asto gainean, gurdiz eta, ondoren, trenez edo tranbiaz, landa eta uri mundua bereizten zituzten distantzia luzeetan zehar». Azkenik, bendejerek euskararen zabalkundean izandako garrantzia azpimarratu du alkateak: «hein handi batean, haiei zor diegu gure urian euskararen garrak bizirik iraun izana».

Liburuaren aurkezpena

Aitortza ekitaldiaz gain, Bendejerak: Sorotik plazara liburua aurkeztu dute gaurkoan. Belaunaldiz belaunaldi Bizkaian lan horretan aritu izan direnen ibilbidearen errepasoa da, Bilboko Udalaren eta Labayru Fundazioaren arteko lankidetzaren fruitua.

Gainera, 2022rako egutegiak egin dira, bendejerak protagonista; eta beren bizitzari buruzko dokumental bat filmatu dute, hastapenetatik gaur egunera arte. Lan hori Bilboko udal webgunean eta Youtube kanalean bilbaoeuskaraz.bilbao.eus egongo da ikusgai.