Larunbatean Durangoko Azokan aurkeztuko duten liburuak, Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu duenez, "Bilbok munduari eman dion semerik handienaren oroimena gordetzen" lagunduko du. Arestiren eskutik hiriko kaleetan barrena ibilbide bat osatzeko aukera emango dio lanak irakurleari, eta bitartean hainbat gai jorratuko ditu: inmigrazioa, gerra osteko kultur giroa, euskararen jazarpena Francoren agintepean...
Argitalpen hau aitzakia gisa hartuta, "Arestiren obrara gerturatzeko" gonbita luzatu die Aburtok bilbotar guztiei.
Gabriel Aresti kultura elkartearen izenean jardun zuen atzo Xabier Monasteriok, eta hiri bati estuki lotuta dauden figurak hartu zituen ahotan. Hala, Baudelaire-Paris, R.L. Stevenson-Edinburgo edota James Joyce-Dublin bikoekin alderatu zuen Arestiren eta Bilboren arteko lotura: "Inork ez bezala jakin zuen poesiaren bidez Bilbo mikrokosmoz bihurtzen eta mudu osoko jendearentzako baliagarri diren galderak planteatzen".
Idazlearen senideak ere bertaratu ziren udaletxeko Arabiar Aretoan egin zuten aurkezpenera, eta Monasteriok haiei eskerrak emateko aukera aprobetxatu zuen, liburua osatzeko prozesuan zehar emandako erraztasun eta xehetasun guztiengatik. Liburuaren diseinuaz eta maketazioaz arduratu den BilbaoArte Fundazioarekin, udaleko Euskara Sailarekin, Erroa argitaletxearekin eta Bilbo Hiria irratiarekin ere akordatu zen, lana "elkarlan bikainaren emaitza" dela azpimarratuta.
Maisu handi hura
Karmelo Landak aitortu zuen 17 urterekin Eatik Bilbon ikastera bakarrik iritsi zen hartan, Franco artean agintean zela eta hiri handian euskaldun izanik, Gabriel Aresti "maisu handia" izan zela berarentzat. Gizon harekin izandako lehen kontaktua ekarri zuen gogora: "Deustun ikasten nenbilela, egun batean Paraninfoan agertu zen Natxo de Feliperekin batera, azken honek Arestiren poemak abesten zituela". Une hartan "gure moduan sentitzen zuen norbait, argi hitz egiten zuena, bidea markatzen zuena" ikusi omen zuen Landak Arestigan.
Egileak aipatu du Bilbon dabil Gabriel Aresti "euskaldunok Bilbon zehar ibiltzeko gidaliburua" dela, hiria sakonean ezagutzen ahalbidetzen duena; izan ere, "ondare aberats-aberatsa utzi digu" poetak, Landaren iritziz. Hala, bertan jasotako ibilbidea benetan egiteko gomendatu die hiritarrei.