Aniztasun funtzionalak ez dezan laneratzea mugatu

uriola.eus 2021ko abe. 3a, 11:47

Goizean egin duten elkarretaratzea (argazkia: LAB)

Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna den honetan, LAB sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute, kolektibo horretako kideentzako gizarteratze eta laneratzea nahiz kalitatezko zerbitzuak eskatzeko asmoz.

Zuzentasun politikotik haragoko urratsa emateko garaia dela azpimarratu dute Langile Abertzaleen Batzordeek: "Enpresek kontratatzen dituzten langileen %2a aniztasun funtzionalekoak izatea bermatzeko betebeherra dute Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek, bitartekotza eta ibilbide indibidualizatuen bidez, baina ez dute betetzen. Honek, enpresek bete beharreko neurri alternatiboak, salbuespenezkoak izan beharko luketenak, arau bihurtzea dakar". Izan ere, sindikatuakren hitzetan, "bazterkeria, salbuespena eta diskriminazioa" dira kolektibo honek lan esparruan bizi duen egoeraren ezaugarriak.

"Enplegu zentro berezietako enplegu babestua, enplegu arrunterako neurri iragankorra izatetik urrun, neurri finalista bihurtu da", salatu dute gaurkoan: "Gainerako langileekiko diskriminazioak jarraitu egiten du, aldi baterako kontratua kausarik gabe egoteagatik eta erabiltzeagatik, bai eta errendimendu txikiko kontratuek ere. Horrek esan nahi du soldata %25 murriztuko zaiela aniztasun funtzionala duten langileei, gainerako langileen eginkizun berak betetzeagatik". Zentro mota horien "lobbya" jo dute erruduntzat, eta "erakundeen utzikeria" azpimarratu.

Aniztasun funtzionala dutenentzako berariazko zerbitzuak ere eskasak direla uste du LABek, eta salatu du langileen eta erabiltzaileen partaidetzari ez zaiola bide ematen kolektibo honekin lotutako erabakiak hartzeko prozesuetan.