Hemen da mendigainak kalera gerturatzen dituen zinema jaialdia

uriola.eus 2021ko abe. 3a, 15:03

Gaur iluntzean BBK Aretoan proiektatuko duten 'Bideak' lanaren fotograma (Zuz: Xabier Unanua)

Gaurtik eta hilaren 12ra arte egingo dute BBK Mendifilm Bilbao Bizkaia jaialdia, 44 zinema saio, 11 hitzaldi eta 6 erakusketa barnebilduko dituena. Golem Alhondiga, BBK Aretoa, Euskalduna Jauregia eta Itsasmuseuma izango dira egoitza nagusiak.

Euskal ekoizpen bat izango da Mendifilm jaialdiaren 14. edizioko egitarauko lehenengo hitzordua. Xabier Unanuaren Bideak filma emango dute BBK Aretoan (19:00). Artzaintza da filmaren ardatza, eta Sakanako eta Erronkariko inguruak lotzeko ibilbide bat kontatzen du Aritz Ganboaren eskutik. 

Gaurkoa, baina, hasiera baino ez da izango. Beste 43 ikus-entzunezko emanaldi egongo dira hurrengo asteko igandea bitarte. Eta, horrez gain, mendiaren bueltako hitzaldiak eta erakusketak ere ez dira falta izango. Egitarau osoa hemen ikus daiteke. Gainera, sail ofizialeko filmak online ikusteko aukera jarri dute beste behin ere.

Hain zuzen, 50 film (luzeak nahiz laburrak) egongo dira sail ofizialean, tartean, estreinaldi garrantzitsuak; nazioarteko 10, Europako bat, estatu mailako 22, eta Euskadiko 14.

Mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak ageri dira aurtengo filmen egiletzan. International Alliance for Mountain Film elkargoaren Sari Nagusia jasotako Pavol Barabás, Alastair Lee, Eric Crosland, Peter Mortimer, Zach Barr eta Keith Partridge, esaterako. Baita Mendi Filmen sariak irabazi izan dituzten Paul Diffley, Eliza Kubarska, Jim Aikman, Mathieu Le Lay, Flo Gassner, Paul Schweller eta Mikel Sarasola ere.