AHT-ren Bilboko lanetarako "atzera bueltarik gabeko" akordioa

uriola.eus 2021ko abe. 3a, 15:03

Abandon egongo da AHT-ren Bilboko geltokia

EAJk eta Espainiako Gobernuak akordio bat osatu dute estatuko aurrekontuen negoziaketaren baitan, lanen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku utziko duena. "Balorazio oso positiboa" egin du Aburtok azken orduko albisteari buruz.

Akordio horren bidez, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartuko du Abiadura Handiko Trenaren obra guztiak aurrera ateratzeko. Jaurlaritzak dirua aurreratu ahal izango du, eta horrek lanak bizkortuko dituela aurreikusten da. "Momentu honetan garrantzitsuena da agerian uztea akordio honi esker zehatz-mehatz finkatu ahal izango dugula trenaren obra proiektua aurrera eramateko bideorria", adierazi du Juan Mari Aburtok.

Hala, trena lurpetik sartuko da Bizkaiko hiriburura, eta Abandoko geltokia ere lurpekoa izango da. Tunelen bidez egingo dute hori. Bada, aditzera eman dutenez, Basauriko behin-behineko geltokia ez da martxan jarriko Bilboko tunelak egiten hasi arte. 

Gaurko akordioa proiektuarentzako "bultzada erabakiorra" dela dio alkateak, eta atzera bueltarik ez omen du izango. Akordioa idatziz jasoko dituzte datozen asteotan, eta hori egin ostean aplikatuko dituzte adostutako neurriak.