Giza eskubideen defentsan aurrera egiteko urratsak

uriola.eus 2021ko abe. 10a, 08:00

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala betetzea eskatzeko manifestazioa egingo dute gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. 18:30ean Indautxu plazatik abiatuko da mobilizazioa, arlo horretan lanean diharduten bederatzi elkartek antolatu dutena. 

Errekalde auzoraino iritsiko da manifestazioa, eta amaieran ekitaldi publikoa egingo dute, La Basuren eta Sutan taldearen musikaz lagunduta.

Indartuak ala ber-indartuak izango da lelo nagusia, eta esanahia zein den azaldu dute deitzaileek ohar baten bidez: "Agerian utzi nahi dugu, alde batetik, elkarteen indarra, eta, bestetik, eskubideen karta eraginkor bat eskatu nahi dugu, gizaki guztiek pertsona izateko bermea izango duten gizarte bat eraiki ahal izateko, beren bizitzei buruz askatasunez erabaki dezaten eta bizi-proiektuak gauzatzeko gai izan daitezen".

Horren harira, pandemiak "sistemaren kontraesanak" argitara atera dituela ohartarazi dute, "pertsona ahulenak diskriminatuta eta baztertuta daudelako, eta pertsona horiei ez zaielako uzten gizarteko kide aktibo izaten, etorkizuna eraiki dezaten".

Hori dela eta, "zaindu, babestu eta garatu behar ditugun gizarteko balio eta bertuteak adosteko garaia da; eta Giza Eskubideak erreferentzia dira lan hori aurrera eramateko", gaineratu dute.

Hainbat elkartek osatu dute gaurko deialdia; zehazki, honako hauek: Alboan, Aletu, Amnistia Internazionala, Bizitegi, FEKOOR, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Eskaut Bizkaia Federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zubietxe. 

Argazki erakusketa ibiltaria ere antolatu dute, ordezkatzen dituzten kolektiboen eskubideak urratzen dituzten egoerak argitara emateko.