Latiorroko partean

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua 2021ko abe. 11a, 10:30

Argazkia: El Correo

Klaustroa, Erlijio irakaslea, Ordezkaritza Organo Gorena, Arabako Hezkuntza Lurralde Ordezkaria, Gasteizko gotzaina, Bagara elkartea eta, ororen gainetik, Jesu Kristoren jaiotza.

Hilabete amaierako ohiko irakasle bilera behar zuenak ezer gutxi izan zuen arruntetik,  asteazken hartan eztabaidatu beharreko puntuen arteko batek hautsak harrotu baitzituen, bertoko inork espero baino askoz gehiago, gainera. Aldeko bozka bat, aurkako bi, aldeko beste bat, aurkako hiru... Eta, amaierako zenbaketan, aurreikuspen guztien kontra, ezetzak irabazi. Demokraziaren gazi-gozoak, jaun-andreok. Ofiziala zen: hogeitaka urteren ostean, lehendabiziko aldiz, ez zen Gabonetako jaiotzarik jarriko Latiorroko ikastetxearen kanpoaldean.

Jakina denez, kontu mundutarrei buruz ari direnean ez bezala, erlijioa edota futbola hizketagai dituztenean pizten dira batzuk. Bozketa bukatu eta berehala, bero-beroan, Ordezkaritza Organo Gorena biltzera deitzeko erabakia hartu zuen Erlijio irakasleak eta, biharamunean bertan, berri txarra lau haizeetara zabaltzeko beharra aguantatu ezinik, baita gurasoei zuzendutako gutuna idatzi eta bidaltzekoa ere, Klaustroan adostutakoak interes ideologikoei erantzuten ziela eta arrazoi pedagogikorik gabea zela iritzita.

Apokalipsia. José Luis Cuerda zenaren gidoia dirudien honi pertsonaia garrantzitsua gehitu zitzaion orduan: izaki orojakile eta ahalguztiduna, also known as, sare sozialen erabiltzailea den aita zein ama. Polemika non, guraso ahoberoa han. Bai, ahoberoa. Klaustroaren erabakia autoritariotzat eta hanka sartzetzat jotzea eta orain Gabonetako jaiotza zela, baina, etorkizunean, futbolean jokatzea edo gona eramatea debekatzea izan zitekeela esatea, besteak beste, ahoberokeria hutsa da eta.

Sona handiko gertaera Latiorrokoa. Hainbesterainokoa non, egunkarian ere agertu izanaren ondorioz, Arabako Hezkuntza Lurralde Ordezkariaren eta Gasteizko gotzainaren dei bana jaso baitzuten ikastetxean eta, bestalde, Bagara elkarteak Ama Birjina, astoa, San Jose, idia eta konpainia jartzearen aldeko adierazpena argitara eman baitzuen. Ez ziren gutxi izan festara batu zirenak.

A!, esatea ahaztu zait ia. Azkenean, bozketak, haserreak, gutunak, iritziak, telefono deiak eta abarrak gorabehera, Ordezkaritza Organo Gorenekoek erabaki dute jaiotza jarri egingo dela, ez aurreko urteetako toki berean, baina bai nahi duen orok ikusteko moduan. Eta denak konforme-edo.

Nago komeria gutxiago izan zutela Belengo partean. Horrelakorik inoiz gertatu bazen, noski.