Partaidetzaren bidez geltokiaren etorkizuna irudikatu guran

uriola.eus 2021ko abe. 10a, 14:19

Atxuriko tren geltokiaren bueltako informazio eta partaidetza saioa antolatu du Lokomotorak taldeak. Astelehenean izango da, hilak 13, Hika Ateneoan (18:00).

Atxuriko auzo elkarteak Atxuriko bizilagun eta talde guztiei zabaldu die gonbidapena, baita mugakide dituzten eremuetakoei ere: Zazpi Kaleak, Solokoetxe eta Bilbo Zaharra. Geltokiko espazio hutsetan, eta bereziki hall-ean, lehentasuna izan behar duten erabilerak zeintzuk izango diren eztabaidatu nahi dute, eta ahalik eta ekarpen eta ikuspuntu gehien bildu.

Lokomotorakek uste du elkartrukerako gunea izan behar duela hall horrek; honela azaldu dute: "Halleko espazio handi hori urteetan erabili izan dugu, geltokira trenak iristen zirenean, batez ere euria eta hotza egiten zuen egunetan egoteko, hitz egiteko eta pertsonen arteko harremanak izateko espazio bat bezala. Orain, trenek Atxuri utzi ondoren, ETS/Euskotrenek Halleko espazioa itxi egin duela ikusi dugu eta eragozpenak jartzen ditu jendeak euri-egunetan sartzeko aukera izan dezan. Auzoaren etengabeko aldarrikapenei entzungor egin die, eta, ulergaitza bada ere, lehiaketa bat deitu du geltokiko Hall-a erakusketa-gune bihurtzeko. Azken hau, inoiz ez da beharrizan bat izan, eta badirudi Atxuriko bizilagunen aurrean espazioak itxita eta auzoari eta herritarrei bizkarra emanda jarraituko duela justifikatzeko ahalegina dela".

Elkarlana abiatzeko garaia

Duela gutxi, Udaleko Osoko Bilkurak mozio bat onartu zuen, erakunde eskudunaren barruan Atxuriko Geltokiaren etorkizuneko erabilerei heltzeko eskatzen zuena, kontuan hartuta hiriko tranbia-sarearen etorkizuneko garapenarekin bateragarria dela eta auzoko erakundeen erabilera soziokulturaletarako espazioa bideratzeko aukera dagoela.

Hala, aukera honi heldu eta tartean dauden eragile guztiak (Udala, ETS/Euskotren eta auzotarrak) biltzeko ordua dela uste du Lokomotorak elkarteak. Hain zuzen, elkarlan horretarako auzotarren posizioa zehazteko antolatu gura izan du asteleheneko saioa.

Geltokia bera ireki eta herritarren erabilerarako zabaltzeaz gain, inguru guztirako hobekuntzak ere eskatu ditu Lokomotorak elkarteak; besteak beste, Ibeni kaia, itsasadarraren eremua eta Atxuri kalea eraberritu eta oinezkoek lehentasuna izan dezaten moldatzeko beharra ikusten du.