Migrazio prozesuak hizpide dituen Loturak jaialdia martxan

uriola.eus 2021ko abe. 14a, 09:16

Gaur iluntzean proiektatuko dute Zohar Kfirren 'Points of view' lana

Atzo hasi zen eta larunbatera arte luzatuko da. Dokumentalen emanaldiez gain, errealitate birtualarekin lotutako jarduerak eta hausnarketara bideratutako tailerrak egongo dira.

Narratiba artistiko eta digital berrien inguruko jaialdia da Loturak, eta migrazio prozesuak nahiz horien arrazoiak ikusaraztea du xede. 

Egitarauko ardatzetako bat errealitate birtuala izango da. Izan ere, BBK Aretoan egunero erakutsiko dira lan inmertsiboak, ikusteaz gain elkarrekintzarako aukera ere ematen dutenak. Edukiak kultura eta gizarte aniztasunarekin lotuta daude, eta sentsibilizazioa eta ezagutza sustatzea dute helburu. Errealitate birtualeko Oculus Quest 2 motako 25 gailu jarri dituzte horretarako.

Egunotan goizez zein arratsaldez egongo da errealitate birtualeko lan horietan murgiltzeko aukera BBK Aretoko atarian, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Dokumentalen emanaldiak

Formatu ohikoagora etorrita, dokumentalak ere proiektatuko dituzte egunotan BBK Aretoko gela nagusian. Gaur, hilak 14, 19:00etan hasita, Zohar Kfirren Points of view lana emango dute, eta jarraian Nele Wohlatzen El futuro perfecto.

Bihar, hilak 15, ordu berean (19:00) beste bi emanaldi egongo dira: Jan Rothuizenen Refugee republic eta Nacho Reigen Amerikanuak. AEBtara joandako hainbat euskaldunen bizipenak jasotzen ditu azken horrek.

Aipatutakoez gain, jaialdiaren bueltan hainbat tailer ere egingo dituzte aste honetan zehar. Horri buruzko informazio guztia eta egitaraua eskuragarri daude jaialdiaren webgunean