Gogor jo zuen Covid-19aren pandemiak kulturari eta aisialdiari lotutako eskaintza, eta horren adibide argia izan da Bilboko Kafe Antzokia. Urte eta erdi baino gehiagoz egon behar izan zen itxita, eta urrian berrekin zioten jardunari. Besteak beste, iazko ospakizun handia egitea galarazi zuen horrek, 2020an 25 urte bete baitziren Kafe Antzokiaren sorreratik.
25 urteotan euskara eta euskal kultura erdigunean jartzea izan da Kafe Antzokiaren xede nagusia, eta komunitate zabala bildu du bere inguruan. Bada, ibilbide emankor hori ospatzeko beta izango da bihar iluntzean.
20. urteurrenean ere Benito Lertxundi izan zen ospakizun ekitaldirako gonbidatutako artista, eta oraingo honetan ere ez du hutsik egingo. Kontzertua zutik izango da, eta Covid ziurtagiria aurkeztu beharko da sarreran. Ateak 20:00etan irekiko dituzte, eta ekitaldia ordu erdi geroago hasiko da.