Kontseilu Sozialistak mobilizazioa antolatu du hilaren 30erako

uriola.eus 2021ko abe. 15a, 17:04

“Biolentzia kapitalistaren adierazpen gordinenak salatzeko, aurten haren eraginez hil diren langileak omentzeko, eta proletalgoaren antolakuntza independientea aldarrikatzeko” hitzordua izango da, deitzaileen esanetan. Santiago plazatik abiatuko da, 19:00etan.

Bilboko Kontseilu Sozialistak gogora ekarri du aurten, gutxienez, 1000 etxegabetze egon direla eta 59 pertsona hil direla lanean, eta 10 etxegabe ere bai. Eguneroko "krudelkeria" islatzen duten gertaeratzat jotzen dituzte aipatutakoak, eta sistema kapitalistaren ondorio direla diote, “gehiengoaren esplotazio eta pobretzearen bitartez gutxiengo baten aberastasun pribatuaren metaketan oinarritzen den heinean”.

Burgesiak krisialdiari etekina ateratzeko asmoz abiatutako "berregituratze soziala" argitara ekarri nahi du Kontseilu Sozialistak, “bizitzaren garestitze eta kaskartze progresibo baten bidez” eta “eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoen bitartez” gauzatzen dena. Ildo horretan, estatuaren erreformak eta ezkerreko alderdi politiko instituzionalak ez dituzte irtenbide eraginkorrak gauzatzeko gai ikusten, eta, are, "langileriaren aurkako ofentsiba onartu eta zilezgitatu izana" egotzi diete.

GKS-ren manifestazio handia urtarrilean

Bestalde, Gazte Koordinadora Sozialistak asteburuan jakinarazi du 2022ko urtarrilaren 29an Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu lelopean manifestazio bana egingo dutela Bilbon eta Iruñean.

"Pobreziaren gorakada eta eskubideen ezabapenak normalizatzen ari diren garai honetan, komunikabide nagusiek eta alderdi politikoek COVID-19a bihurtu dute etsai nagusi. Gure ustez, horren guztiaren atzean burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa ezkutatzen da", adierazi dute deitzaileek. Gauzak horrela, gazteei manifestazio horietan parte hartzeko deia egin diete.