Gabonetan euskararen alde topa egiteko eskaintza dakar Berbaizuk

uriola.eus 2021ko abe. 15a, 19:00

Deustuko euskara elkarteak berriki martxan jarri du online denda, eta jantziak nahiz askotariko materialak daude eskuragarri bertan. Bada, eguberria iristear dagoen honetan, ardo beltz eta txuri botila banak osatutako kaxak ere salgai jarri dituzte. 

Hermanos Frías del Val upategiko Oreka eta El Flako ardoak salduko ditu Berbaizuk, eta elkartearen bidez eskatzen dutenek %30eko deskontuarekin lortu ahal izango dute produktua. Hala, 2 botilaz osatutako kaxa 20 eurotan jarri dute, eta lau botilako sorta, berriz, 37 eurotan. Eskaintza horretaz baliatu nahi dutenek bi aukera dauzkate: online eskaera Berbaizudendaren bidez edo aurrez aurre, Ramon y Cajal kaleko bulegotik pasatuta.

Gainera, ardook dastatzeko aukera egongo da abenduaren 23an Bordatxo tabernan (19:00etan). Izan ere, Imanol Sarasola enologoak lagundutako dastaketa antolatu dute, mokadutxoa barne. Ekimen horretarako sarreraren prezioa 5 euro izango da berbaizukideentzat, eta 10 euro gainerakoentzat.

Berbaizu denda sarean

Ardoez gain, kamisetak, izerditakoak, lanpasak, amantalak eta bestelako materialak salgai dauzka euskara elkarteak interneten. Produktu guztiak merkeago lortzeko aukera izango dute Berbaizuko bazkideek, eta, horrez gain, produktu bat baino gehiago erosiz gero ere eskaintzak aprobetxatu ahal izango dira.