2012ko apirilean hil zen Iñigo Cabacas, Athleticen Europa Leagueko partida baten ostean Ertzaintzaren karga batean gomazko pilota batek buruan jo eta egun batzuetara. Geroztik, operazio hartan parte hartu zuen agente bakarra kondenatu du justiziak.
Bada, Ertzaintzak barneko ikerketa bat ireki zuen, eta diziplina espedienteak abiatu zituen sei ertzainen aurka. Gaur egun, baina, EH Bilduk hala eskatuta Erkorekak azaldu duenez, horietako bost jada ez dira Ertzaintzaren parte, eta ezin omen zaizkie diziplinazko erantzukizunik eskatu, sailburuaren arabera.
Hortaz, espediente bakarrak jarraitzen du irekita, 2012ko apirilean Cabacas hil zuen esku-hartzean parte hartu zutenen artetik polizia erakundean jarraitzen duen pertsona bakarrari dagokionak, hain zuzen. Dena den, Erkorekak adierazi du "oso zaila" iruditzen zaiola Ertzaintzaren araudiaren urraketarik aurkitzea azken horren kasuan, agenteak "aginduak bete" baino ez ei zuen egin eta.
Cabacasen familiak samina azaldu du jakinarazi berri duten erabaki honen harira, eta gizatasunik erakutsi ez izana leporatu diote gurasoen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. Adierazi dute, halaber, memoriaren gaia jorratzen denean beraien kasua bazter uzten denaren sentsazioa dutela.