Sindikatuen babesa dauka urtarrilaren 8ko manifestazioak

uriola.eus 2021ko abe. 17a, 13:21

Sare Herritarrak Izan bidea lelopean urtarrilaren 8rako Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du euskal sindikatuen gehiengoak. Preso, iheslari eta deportatuen aferari konponbidea ematea izango da 2021ean egin ezin izan den hitzorduaren xede nagusia, ohi bezala.

ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuetako ordezkariak bildu dira gaur goizean Plaza Eliptikoan, eta urte hasieran presoen etxeratzea eskatzeko mobilizazio handiari atxikimendua adierazi nahi izan diote. Hala, herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek adierazpenak egin dituzte goizeko agerraldiaren ostean. Bada, lehenengo biek azpimarratu dute Euskal Herritik kanpo jarraitzen duten 95 presoak etxera ekartzeko eta salbuespenezko legeria eteteko beharra. Azken horri lotuta, honako hau adierazi du ELAren izenean jardun duen Leire Txakartegik: “Une honetan preso asko daude salbuespen egoeran oraindik; ez daukate graduan izan beharko luketen progresioa eta beraien eskubideak ez dira bermatzen ari. Hala, arlo horretan aurrera egitea ezinbestekotzat jo du “bizikidetzan aurrera egiteko”.

Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, ideia hori berretsi du, eta azpimarratu du urratsak eman diren arren, oraindik “bide luzea” geratzen dela: “Guretzako lehentasunezkoa da gaixo dauden presoak askatzea; bestalde, zigorren konputoen aplikazioa beharko litzateke, graduen progresio horretan oraindik ere mantentzen diren trabak bertan behera utzi eta presoen espetxeratzea errazteko bideak hartu behar direlako”. “Motxiladun ume” esaten zaienez ere mintzatu da Aranburu, eta jasaten duten “injustizia” gogora ekarri du. Hala, gai honen bueltan mobilizatzen eta presio soziala egiten jarraitzea lehentasuna omen da sindikatuarentzat.

Amaitzeko, UGTko ordezkari Raúl Arzak hartu du hitza, eta bestelako adierazpenak egin ditu. Hala, legeria zorrozki aplikatzeko beharraren gain jarri du fokua, “normaltasunerantz aurrera egiteko” urratsa delako: “Hamar urte baino gehiago igaro dira talde terrorista desagertu zenetik. Bere garaian salbuespen neurriak hartu ziren, eta ustea dugu une honetan espetxeen legea bete behar dela eta preso guztien Euskal Herrian bete behar dituztela beren zigorrak. Gainera, uste dugu berriki egindako tranferentziarekin eta Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin lortu ahal izango dugula euskal preso guztiak bertako kartzeletara ekartzea”.