Lehendabizi, aurkezpen bat egin zuten taldearen orain arteko ibilbidea azaltzeko. 2016-2017 ikasturtean hasi zen martxan Lokomotorak taldeak, EHUko partaidetza masterreko Parte Hartuz ekimenaren eskutik. Orduz geroztik, auzoaren beharrizanak aztertu eta zabaldu dituzte askotariko komunikazio kanpainen bidez eta partaidetza oinarri izanda.
“Auzoko bizitza” ahalbidetzeko ekipamenduak eta azpiegiturak eskatzea da euren helburu nagusia. Geltokiaren etorkizuna lantzen hasi ziren arren, aguro ikusi zuten inguru guztian ere jardun nahi dutela. Esaterako, itsasadarraren alboko pasealekua luzatu eta Ibeni kaia egokitu Ubideen ibiltokiarekin bat egin dezan, eta Atxuri kalean, eskola bertan dagoela aintzat hartuta, oinezkoek lehentasuna izan dezaten.
Badoaz aurrera
Ildo horretan, elkartearen bultzada ari da eragina izaten. Esaterako, Ibeni kaiko geltokitik igarotzen diren autobusen kopurua murriztu egin da, eta, begiz jota duten behin betiko irtenbidea oraindik iritsi ez bada ere, halako aurrerapenak pozik hartzen dituzte, lanean jarraitzeko hauspoa ematen die eta.
Bada, taldearen oraingo jarduna auzoko tren geltoki zaharraren hall-ean zer egin nahi duten zehaztean datza, eta inguruko hiritarren partaidetza izango da udalarekin lantzeko asmoz aurkeztuko duten proposamena definituko duena. Izan ere, urrian mozio bat onartu zuen Bilboko Osoko Bilkurak, Atxuriko Geltokiaren etorkizuneko erabilerei heltzeko eskatzen zuena, “kontuan hartuta hiriko tranbia sarearen etorkizuneko garapenarekin bateragarria dela eta auzoko erakundeen erabilera soziokulturaletarako espazioa bideratzeko aukera dagoela”. Horrekin lotuta, gaiarekin zerikusia duten eragile guztiak batzeko eskaera luzatu du Lokomotorak taldeak; hau da, udala, ETS/Euskotren eta auzokideak.
Euskotrenen proposamena
Euskotren-ETS (Euskal Trenbideen Sarea) da gaur gaurkoz Atxuriko geltokiaren jabea, baina, esan bezala, eraikinak jada ez du tren geltoki gisa funtzionatzen. Bada, hall-ean erakusketa gune bat egiteko lizitazio bat iragarri du berriki.
Lokomotorakeko kideek uste dute espazioaren erabilera mugatzera bideratutako urratsa baino ez dela hori: “Edozein erabilera eman nahi diote, pentsatu gabe eta, gainera, horretarako baliabide publikoak erabiliz”. Erakusketa osatzeko piezak Azpeitiako Burnibidearen Euskal Museotik ekarriko lituzkete. “Ikusi dute auzotarren aldarrikapenak gero eta indar handiagoa hartzen ari direla, eta nola edo hala justifikatu behar dute espazioa hutsik egotea”; hala uste dute Lokomotorak taldeko kideek.
Atxuriko auzotarren elkarteak Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, beren iritzia azaltzeko eta ekipamenduari auzoko bizitzarentzako onuragarria izango den erabilera emateko eskatzeko.
Bien bitartekoa zehazteko beharra
Lokomotorak taldekoek jakin badakite hirigintza proiektu handiek denbora asko eskatzen dutela. Zain gelditzeari uko egiten diote ordea, eta, atzokoan azpimarratu bezala, behin betiko aldaketa iritsi bitartean martxan jarri nahi dituztenak lantzen ari dira.
Hala, kultura eta gizarte jarduerak hartuko dituen ekipamendu publiko baten beharrizanarekin lotuta, herritarrek zenbait proposamen jarri zituzten mahai gainean: eskolako beharrizanei erantzuteko erabiltzea (patio estali gisa, esaterako), ume eta gaztetxoentzako ludoteka edo aisialdi gunea martxan jartzea, liburutegi erako ekipamendu bihurtzea...
Espazioak izan beharreko kudeaketa ereduari buruzko eztabaida ere proposatu zuten atzoko topaketan, eta Bilboko nahiz kanpoko zenbait adibide izan zituzten hizpide, dela kudeaketa partekatua, dela erabileraren aldi baterako lagapena…
Topaketaren amaieran luntxa egin zuten guztiek, Atxuri Harrera elkarteko kideen eskutik. Hala, esaterako, gazte migratzaileek egindako gozokiak dastatu zituzten. Izan ere, auzotarren artean antolatzeko egiten duten lan horren baitan ere garrantzitsua iruditzen zaie bertara bizi izatera datozenek ere egunerokoan partaide izatea eta elkar ezagutzea.