"Udalak ostiralean hainbat auzori jakinarazi zigun e-mail bidez ez zigula baimenik emango auzoetan Olentzero eta Mari Domingiri harrera egitera ateratzeko", azaldu du Auzotarrok taldeak ohar bidez. Nabarmendu nahi izan dute osasun egoera ezagutzen dutela eta ez dutela osasun zerbitzuak kolapsatuko dituen ekitaldirik antolatu nahi. Alabaina, "jarduera dezentralizatuak eta aire zabalekoak" galaraztea ez dute begi onez ikusten.
Ildo beretik, salatu dute jai batzordeek debekua jaso bitartean Bilboko Udalak antolatutako kabalgatak Arriagara eta Bilbao Arenara eramateko erabakia, sarrera bi euro kobratuta.
"Horren aurrean, jakinarazi nahi dugu hainbat aukera lantzen ari garela auzoetako jarduerak mantendu daitezen eta horrela, gure bizilagunei jarduera herrikoiak eta doakoak eskaintzen jarraitzeko. Datozen egunetan jakinaraziko dizuegu zein auzotan aurki ditzakezuen Olentzero eta Mari Domingi", adierazi dute.